Martxan da literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka
Martxoaren 10era arte izango da zabalik lanak bidaltzeko epea.
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak H)ilbeltza beka plazaratzen dute urtero, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz. Aurtengo deialdia ere abian jarri dute eta interesa dutenek narratibako lanak, eleberri edo ipuin-bildumak, egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte.
Lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan beharko dira, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabekoak, sarituak izan ez direnak eta inondik moldatuak ez direnak. Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkeztu ahalko dira. Lanak martxoaren 10era arteko epean erregistratu beharko dira Baztango Udalean. Posta arruntaz bidaltzeko aukera ere bada.
Epaimahaia Joseba Otondo Baztango Udalaren ordezkariak, Garazi Arrula Txalaparta argitaletxearen ordezkariak eta Eneko Barberenak, (H)ilbeltza elkarteak izendatuak, osatuko dute. Jasotako proiektuak aztertu eta maiatzaren 10a baino lehen jakinaraziko dute erabakia.
Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu orotara; 3.000 euro maiatzean, eta idatzia amaitzean gainerakoa. Gainera, Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du lana. Bestalde, idazle saridunari hurrengo (H)ilbeltza sormen bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.