Maskaradak udan Barkoxen

Maskaradak udan Barkoxen Pandemia dela-eta neguak egiterik izan ez dutenez, udan eskainiko dituzte maskaradak uztailaren 31tik aurrera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maskaradak-udan-barkoxen/@@download/image/maskarada oier araolaza.jpeg
2021/07/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudia: Oier Araolaza

Pandemia dela-eta neguak egiterik izan ez dutenez, udan eskainiko dituzte maskaradak uztailaren 31tik aurrera.
Maskaradak udan Barkoxen

Izatez neguko festak dira maskaradak, inauteri garaikoak, baina pandemiak ospatzeko aukerarik eman ez duenez, udan antolatuko dituzte aurten maskaradak Zuberoan. Barkoxeko gazteak arduratuko dira horretaz eta uztailaren 31tik aurrera eskainiko dituzte. Iaz iragarri zuten Barkoxeko eta Atharratze-Alotzeko herritarrek antolatuko zituztela aurtengo maskaradak, baldintzak betez gero. Herri bakoitzak berea prestatzeko asmoa zuen baina ez da hala egiterik izan. Gauzak horrela, udan maskaradak egiteko hogeita hamar bat laguneko taldea osatu dute barkoxtarrek. 

Uztailaren 31n izango da lehen saioa Barkoxen bertan, eta abuztuan hainbat emanaldi egingo dituztela aurreikusten dute. Ximun Pinque barkoxtarrak Xiberoko Botzan adierazi duenez, ez dituzte 12-15 maskarada saio antolatuko, neguan bezala, gutxiago baizik. 

Lehen ere egin izan dira maskaradak udan Barkoxen. 1979an bi maskarada izan ziren: negu garaian Altzürükük emanak eta udan Barkoxek. Izan ere, maskaradarako taldea osatzeko errugbian ari ziren gazteen beharra izan zuten. Ohiko datetan txapelketa jokatzen ari zirenez, abuztura atzeratu behar izan zituzten urte hartako Barkoxeko maskaradak.