Masturbazioa, hilekoaren mina arintzeko erremedioa
Emakume askok sufritzen dituzte hilekoak eragindako min eta ondoezak, eta zoritxarrez, antiinflamatorioak irensteaz gain erremedio gutxi existitzen dira min horiek arintzeko. Zientziak oso gutxi ikertu du hilekoak eragindako min hauen inguruan, eta oraindik ez da argitu jatorria; dena den, Womanizer emakumeei zuzendutako jostailu sexualen markak eta Lunette hilekorako kopa eta bestelako produktuak ekoizten dituen etxeak indarrak batu dituzte hilekoaren molestiak arintzeko konponbidearen bila, eta emaitza harrigarria izan da; orgasmoek, berehalako efektua dute hilekoak eragindako mina arintzeko orduan.
Menstrubation izeneko ikerketa abiatu zuten bi markek iazko maiatzean, masturbazioak hilekoan zuen eragina aztertzeko helburuarekin; ikerketan 19 herrialdetako adin guztietako 486 emakumek parte hartu dute, eta ondorioak oso argigarriak izan dira; parte hartzaileen %90 masturbazioa gomendatzen dute hilekoaren minak arintzeko erremedio bezala; horrekin batera, ikerketan egon direnen %85 adierazi du masturbazioa errutina bilakatzeak hilekoaren molestiak nabarmen baretzen dituela.
Orgasmoak gorputzean eta osasunean dituen onurak ezagunak dira; praktika honek hormonak askatzen ditu gorputzean, besteak beste, oxitozina, endorfinak, dopamina... hormona horiei esker plazera sentitzen dugu eta analgesiko natural moduan funtzionatzen dute, gorputzeko minak arinduz eta erlaxatuz.