Max streaming plataforman ezingo dira kontuak partekatu gehiago ordaindu gabe
Berriki, Warner Bros. Discovery-k akziodunekin bilera egin zuen azken seihileko emaitzak aurkezteko. David Zaslav, Warner Bros. Discovery-k Max-ekin bat egin zuenetik estudioaren CEO dena, argi mintzatu da: diru-sarrera gehiago lortu behar dira. Enpresaburua Hollywood-eko pertsonaiarik polemikoenetakoa da gaur egun; funtsean, ez duelako inongo printzipiorik: egiten duen guztia, baita erabaki krudelena ere, kontuak orekatzeko egiten du. Helburu hori lortzeko, ez du beldurrik jada filmatuak dauden filmak bertan behera uzteko, adibidez.
Bada, orain, Max streaming zerbitzuari tokatu zaio. Zaslav-ek inoiz ez du ezkutatu streaming zerbitzuaren errendimenduarekin duen desadostasuna, eta, agian, horregatik Netflix eta Disney+ plataformek berriki hartu duten erabakiarekin bat egin du. Analista ugarik streaming merkatuaren kolapsoa gertatzear dagoela diote, eta horregatik plataforma nagusiek kontuak partekatzeko aukera mugatua dute, harpidedun kopuru ahalik eta handiena mantentzeko helburuz. Netflix izan zen lehena, eta horregatik kritikatua izan zen, baina erabakiari esker krisitik ateratzea lortu zuen.
Ondoren Disney+ plataformak jarraitu zion. Orain Max-en txanda da. Max-ek bere diru-sarrerak ziurtatu nahi ditu eta horretarako kontu partekatuen erabilera, apurka-apurka, mugatzen joango da. Herrialde ezberdinetan “frogak” egingo ditu, muga mundu mailara zabaldu aurretik. Mailakakoa izango da neurriaren aplikazioa.
Horrela, hainbat etxebizitza dituzten bezeroei “pixka bat gehiago ordaintzeko” eskatuko zaie, aurretiazko abisu batzuk eman ondoren. Netflix-en estrategiaren antza du honek; kontua partekatzen ari ziren erabiltzaile batzuk, “adeitasunez” gehiago ordaintzera gonbidatu zituen. Hori izango da mekanika; partekatzen jarraitzen bada, kontuak desaktibatu egingo dira.