Meta-ren sare sozialetan, Instagramen esaterako, pertsona homosexualak eta transak gaixo mentalak direla esan ahal izango da
Donald Trumpek presidente kargua hartu baino pare bat aste lehenago iragarri zuen Mark Zuckerberg Meta enpresako zuzendari exekutiboak "adierazpen askatasunaren erroetara itzuli" eta "zentsurari aurre egiteko" nahia. Metaren politiketan aldaketak egin dituzte eta horrek eragina izango du Instagram, Facebook eta Threads sare sozialetako edukietan. Edukiak egiaztatzeko programa bertan behera utzi dute, oraingoz Estatu Batuetan bakarrik, eta immigrazioa, generoa eta orientazio sexualaren inguruko gaietan zeuden murrizketak kendu dituzte, gorroto diskurtsoak kontrolatzeko balio zutenak. Horretaz gain, eduki politikoa ere handituko da.
Gorroto jarreren inguruko politika malgutu izanak mundu osoko erabiltzaileengan izango du eragina. Izan ere, diskurtso homofobo, transfobo, misogino eta arrazistei bidea irekiko diete sare sozial hauetan. Erabiltzaileren batek halako edukiren bat publikatzen duenean ez dute moderatu edo ezabatuko, hau da, ez dute neurririk hartuko. Horrek esan nahi du libre izango dela pertsona homosexual edo transak "gaixo mentalak" direla esatea, gizonezkoak emakumeen gainetik daudela edo jatorri edo herrialde jakin bateko pertsonak gaizkileak direla.
Urtarrilaren 7an iragarri bazuten ere, jakinarazi dutenez, aste batzuk beharko omen dituzte politika berria erabat ezartzeko. Europar Batasuneko erabiltzaileentzat esperantza leihotxo bat egon daiteke. Politika berri honen arabera, norbera bizi den herrialdeko gorroto diskurtsoen legea urratzen badu, legalki eska daiteke erretiratzeko. Dena den, jakina da horrek zer buruhauste dakartzan erabiltzailearentzat.