Mikel Alvarez Sarriegik irabazi du Augustin Zubikarai nobela beka
Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak irabazi du XXI. Augustin Zubikarai lehiaketako nobela beka Euskalia proiektuarekin. Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, Euskalia zientzia-fikziozko lana da, nobela beltzaren ukitua ere baduena, umorez gainezka egiten duena eta keinu ugari egiten dituena: politikari, zinemari, komikiari… Aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira Alvarezek kontatutako istorioan, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko Erresuma horri. Pixkanaka, auzo herrietakoak euskaldunen kolonizazioaren biktima bihurtuz joan dira, baina denak ez daude pozik, hala nola kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz.
Mikel Alvarez Sarriegi (Beasain, 1982) Soziologian eta Ikus-Entzunezkoetan lizentziatua da. Goierri Telebistan egin zuen lan eta Birak Produkzioak ekoiztetxean ikus-entzunezko edukiak sortzen aritzen da egun. Gidoigintza eta zuzendaritza lanetan aritzen da batik bat. Iaz kaleratutako Altsasu telesailean gidoilari eta bigarren unitateko zuzendari ere aritu zen. 2014an Finlandia nobelaren bi atal argitaratu zituen autoedizioaren bidetik, bere blogean zati batzuk erakutsi ondotik. Berria egunkarian zutabeak idazten aritutakoa ere bada, Ekografiak atalean.
Ostiralean, abenduak 3, jasoko du saria Alvarezek Kofradia Zaharrean eta bertan emango ditu proiektuaren xehetasunak, Literatur Amuak jaialdiaren barruan. Iazko bekaren irabazle Lander Garrok ere Faith nobela aurkeztuko du, Joxemari Urteagarekin solasaldian.
Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Hauek dira azkeen urteetako irabazleetako batzuk: Idoia Garzesen Mendiko gaitza, Eneko Barberenaren Afrikanerrak, Xabier Etxeberriaren Berriro itzuliko balitz, Katixa Agirreren Amek ez dute eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil.