Mikro joerak eta kontsumismo neurrigabea

Mikro joerak eta kontsumismo neurrigabea Gona mikroa, "Euphoria"-ko Maddy-ren soineko beltza, "choker"-ak... azken denboraldietako mikro joeretako batzuk dira. Pandemiaren eta TikTok-en aurretik joerak pasareletatik ateratzen ziren eta bidean ukitu kulturalak gehitzen zitzaizkien. Orain, etengabe Internetera konektatua dagoen belaunaldi berriagatik, dena aldatu da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikro-joerak-eta-erabili-eta-botatzearen-kontsumismo-neurrigabea/@@download/image/Las uñas metalizadas, una de las microtendencias del momento. FOTO GETTY.jpg
2023/09/21

Irudiak: Getty

Gona mikroa, "Euphoria"-ko Maddy-ren soineko beltza, "choker"-ak... azken denboraldietako mikro joeretako batzuk dira. Pandemiaren eta TikTok-en aurretik joerak pasareletatik ateratzen ziren eta bidean ukitu kulturalak gehitzen zitzaizkien. Orain, etengabe Internetera konektatua dagoen belaunaldi berriagatik, dena aldatu da.
Mikro joerak eta kontsumismo neurrigabea

Joerak modaren euskarria dira, baina sare sozialek hauen abiadura modu drastikoan bizkortu dute. Lehen joeren zikloa bost-hamar urtekoa izaten zen eta abeslariek, aktoreek, modeloek... pertsona publikoek aurkezten zituzten. Orain, ordea, influencer-ek edo sareetan entzute nahikoa lortu duen edozeinek joerak sortzeko ahalmena du. Joera hauek bizitza laburrekoak izan ohi dira eta mikro joerak izenez ezagutzen dira. 

Mikrok joerak ospe gorena edukitzen duten moda dira, igo bezain azkar jaisten direnak. Sarri modu naturalean sortzen dira TikTok eta halako plataformetan eta modu azkarrean eskuratzen dute fama plataforma hauetako erabiltzaileen artean. Hilabete baten buruan, askotan gutxiagoan, mikro joerak modatik pasatzen dira eta inork ez du berriz horietaz hitz egiten. 

Honaino guztia ondo. Arazoa, ordea, Shein eta antzeko moda azkarreko kateek honelako mikro joerei oihartzuna ematen dietenean sortzen da. Edonoren eskuragarri daude arropa eta osagai hauek, gehiegizko kontsumoa betierekotzen dute. Nobedade guztiak garaiz iristeko ekoizpenak etika gutxikoak izaten dira, kalitate urriko materialak erabiltzen dira eta zenbait produktutan kutsakorrak diren kimiko hondarrak aurkitu dira. 

Carolyn Mair-ek bere The Psychology of Fashion liburuan joera bakoitzean erosteko desiraren inguruan hausnartzen du. Ikusleak, ohartzean beste pertsonak poztu egiten direla daramaten arropagatik, beraiei arropa bera erosteko desira pizten zaie. Sentsazio honetara ohituz gero, erosten jarraituko dugu, gure plazera eta zirrarak berpiztuko dituen itxaropenez. 

Kontrapuntu bezala, eduki sortzaile batzuk "desinfluentziatzen" ari dira. Kontzeptu hau asmatua da, baina ederki islatzen du zenbait influencer-ek hartu duten joera: euren ikusleei behar ez duten guztia erakusten diete, hau da, erostea merezi ez duen hori. Gehiegizko kontsumoari eta bulkadaz burutzen diren erosketei kritika zorrotza da eta hausnarketa orokorra bultzatzea du helburu, aldarrikatuz modan dauden produktuak ez direla beti onenak edota ez dela beharrezkoa bai ala bai horiek eskuratzea. 

Mikro joerak modu errepikatzailean jasoz gero, hauekiko asoziazioa indartsuagoa bihurtzen da, gure kontsumo erabakian eraginez. "Desinfluentziatzea", faktore hauek guztiak kontziente egitean datza, hausnartuz erosi nahi dugun hori benetan erosi nahi dugun ala ez. 

Egia da, TikTok-en aurkitu litezkeen estetika ezberdinei esker, erraza dela dugun arropa norberaren estilo pertsonalera egokitzea, estiloen gidak etengabe eboluzionatzen baitoaz. Alabaina, gomendagarria da argi izatea zergatik egiten dugun egiten dugun erosketa. Erosketa benetan nahi dugulako egitea garrantzitsua da, eta ez momentuko mikro joera jarraitzeagatik.