Mikroplastikoak gorputzean

Mikroplastikoak gorputzean Plastikoak gure barruraino iritsi dira; ez duzuela sinisten? Adi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikroplastikoak-gorputzean/@@download/image/in-hand-647_060817065430.jpg
2018/10/24
berria
Plastikoak gure barruraino iritsi dira; ez duzuela sinisten? Adi!
Mikroplastikoak gorputzean

Aste honetan birala bihurtu da Zumaia eta Deba arteko itsasertzean surflari batek ateratako bideoa; bertako flysch ederrak plastikoz beteta ageri dira bideoan. Ez da harritzekoa; egun, zortzi milioi tona plastiko eta mikroplastiko botatzen dira urtero itsasora. Zifrak ez badizu asko esaten, jakin plastiko guzti horrek 1.5 milioi animali hiltzen dituela zuzenean zein zeharka, eta azkenik, nola ez, gure dietan ere sartu dira.

Ez da gure plastiko kontsumoaren zergati bakarra; hortzetako pasta, kosmetikoak, ur botilak, plastikozko poltsak, kafe kapsulak eta baita arropak ere, mikroplastikoekin kontaktuan jartzen gaituzte egunero. Emaitza? Gure gorputzak plastikoz pozoitu ditugu.

Orain, horren froga argitaratu berri du Vienako Unibertsitateak; herrialde ezberdinetako pertsonen gorotzak ikertuta, bederatzi mikroplastiko mota ezberdin topatu dituzte. Eta ez hori bakarrik; ikertutako 10 gramoko gorotz bakoitzak 20 bat mikroplastiko zituen. Ikertzaileen arabera, jasan dezakegun plastiko kopurua erabat gainditu dugu. Arazoa hauxe omen da; mikroplastiko horiek gure esteak igaro eta odolean sartzeko arriskua dagoela, gibeleraino iritsiz. Gure osasuna arriskuan dago. Konponbidea? Plastikoari erabateko boikota egitea!