Mintzalasai festibala martxan da Baionan eta Miarritzen

Mintzalasai festibala martxan da Baionan eta Miarritzen Hainbat jarduera egingo dituzte, euskaraz mintzatzeko guneak eta uneak sortzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mintzalasai-festibala-martxan-da-baionan-eta-miarritzen/@@download/image/Mintzalasai2.jpg
2024/09/18
Hainbat jarduera egingo dituzte, euskaraz mintzatzeko guneak eta uneak sortzeko.
Mintzalasai festibala martxan da Baionan eta Miarritzen

Mintzalasai festibalaren hamahirugarren edizioa martxan da aste honetan eta astebetez hainbat ekintza antolatu dituzte Baiona, Angelu eta Miarritzen. Askotariko jarduerak izango dira: kirola, jokoak, zinema, irakurketa, mus txapelketa, sukaldaritza tailerrak, kontzertuak...

"Luzaz erran eta idatzi dugu hizkuntza mehatxatuen etorkizuna hirietan jokatzen dela. Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan metatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik deskonektatuena bai ezagutza aldetik, bai erabilera aldetik, baita belaunaldi berriei etxean eta eskolan transmititzen zaien hizkuntza aldetik ere. Baina azken datuek erakusten digute alor eta eremu desberdinetan eragin behar dugula: transmisioan eta erabileran, hirietan eta baserri munduan, erakartzean eta aktibazioan, zonalde erdaldunetan eta arnasguneetan, haurrekin eta helduekin, eskubideen defentsan eta hizkuntza bitartekaritzan… Bizi dugun testuinguru konplexuak gure begiarada zabaltzea eta jokamoldeak berritzera ekarri behar gaituzte", azaldu dute ekimenekoa arduradunek. 

Hala, Mintzalasai festibalak "parentesi linguistikoak" sortzen ditu, "euskaraz mintzatzeko ohitura ez duten pertsonak elkarren artean bilduz, euskaldunen autoestimuan eraginez eta urtean zehar frantses hutsean bizi diren tokietara euskara ekarriz". "Gure hitz txikiek eragin handiak izan ditzakete okindegira sartzean, autobusera igotzean, administrazioko harlekuan, haur parkean, ezezagunekin harremantzerakoan… Aska ditzagun korapiloak eta has gaitezen euskara beti eta denekin partekatzen", gaineratu dute.

Gaur, ipuin irakurketa, euskaraz irakurtzen ikasteko tailerra, eta mus txapelketa izango dira besteak beste. Bihar, berriz, euskaraz mintzatzeko bazkaria, Cazenave txokolateen laborategiko bisita eta dastaketa, eta sukaldaritza tailerrak egingo dituzte,

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.