Mugikorrak irakurle distraitu bihurtu gaitu
Ohartu al zara geroz eta gehiago kostatzen zaizula irakurketari behar duen arreta eta denbora eskaintzea? Pazientzia kognitiboa deitzen diote horri eta inoiz baino gutxiago dugu. Gai izango al zara artikulu honen bukaerara iristeko?
Web orriak, blogak, txioak, mezu elektronikoak, Facebook-eko mezuak, liburu elektronikoak... mezuz beteta gaude eta guztiek ezaugarri propioak dituzte. Hori dela eta, ez da berdina Twitterren txio bat irakurtzea edo egunkari digital bat.
Hizkuntza batean modu esanguratsuan eragiten duen edozein teknologiak gure jokabidean ondorioak ditu. Ahozkotasunetik idazketara igarotzea adibide egokia da hau ilustratzeko, horrek ezagutza eskuratzeko aukera berriak eskaini baitzituen. Azken hamarkadetan, teknologia digitalek komunikazioan eta hizkuntzetan aldakata esanguratsuak ekarri dituzte.
Aldaketa garrantzitsuenetako bat irakurketa linealaren apurketa izan da. Euskarri digitalek linealtasuna bazterrean utzi dute, testu digitalak hipertestualak dira eta irakurketa ezberdin bat exijitzen dute. Honela, sarean irakurtzen diren testuak irekiak dira, bide ezberdinekin esteken arabera. Etengabe irakurlea aukeratzeko bide ezberdinekin aurkitzen da eta horregatik errazagoa da distraitzea.
Irakurketa digitalaren beste ezaugarri garrantzitsua berau garatzen den baldintzen araberakoa da, hau da, gailuaren eta erabiltzen diren aplikazioen araberakoa. Egun, izugarri gehitu da smartphone-en bidezko irakurketa digitala horrek dakartzan ondorio guztiekin.
Gehiago irakurtzen dugu, baina eduki laburragoak
Azken ikerketek diotenez sare sozialen bidezko irakurketa igo egin omen da. Horrela, eduki digitalen irakurketa hazi egin da sare sozial, web edo blog forman. Alabaina, sare sozialetan burutzen den irakurketa ez da alderagarria testu narratibo batekin. Sare sozialetako testu eta iruzkinak ahozko komunikaziotik hurbilago daude idatzizkotik baino. Hori dela eta, irakurketa aztertzerako garaian kontuan hartu behar dira aplikazio eta gailu ezberdinak.
“Pazientzia kognitiboaren” galera
Mugikorrean irakurketa arazo bilaka daiteke, kontzentrazioa zailagoa baita kontrolatu ezin ditugun etengabeko etenaldiengatik. Horrek gure kontzentrazioan eragina du. Diagonalean horrenbeste irakurtzearen erruz geroz eta zailagoa zaigu irakurketa lasai bat burutzea.
Maryanne Wolf hizkuntzalariak dioenez egungo irakurle askok ezin dute ordubetez jarrian irakurtzen egon hainbat aldiz mugikorra begiratu gabe. Ikerlari honek sortu du “pazientzia kognitiboa” kontzeptua, lasaitasunez informazioa prozesatzeko gaitasunei erreferentzia eginez.
Hamaika ikerketa daude papereko irakurketak eta digitalak alderatzen dituena. Alta, oraingoz gehienok papereko irakurketan formatu gaituzte, eta hori dela eta emaitzak ez dira guztiz fidagarriak. Aditu asok proposatzen dute, irakurketa ez denez berezkoa dugun gaitasuna, irakurketa digitalak egiten ere ikasi egin behar dela. Diotenez bi irakurketa motak egoki menperatzeko hezkuntza ezinbestekoa da. Irakurle digitala bihurtzean gaitasun eta konpetentzia batzuk garatzen dira eta hauek komunikazioa ahalbidetzen dute. Hori dela eta, egungo hainbat ikerketa alfabetatze digitala burutzeko pausuak garatzen ari dira.
Alfabetatze digitalaren baitan dago gure denboraren kontrol gehiago edukitzea eta baita irakurtzen dugun euskarriena ere. Sare sozialetako mezuen irakurketa modu azkar eta azalekoan burutzen da, bitartean testu konplexuagoak kontzentrazio gehiago exijitzen dute eta zailagoa da kontzentrazio maila egokia lortzea etengabe eteten bada irakurraldia, beraz, testu konplexu hauek irakurtzek gailu egokia aukeratzea ezinbestekoa izango da.
Mugikorraren erabileragatik uste dugu gai garela gauza bat baino gehiago aldi berean egiteko. Sentsazio bat besterik ez da ordea; besterik gabe, egiten ari garen hori momentu batez eteten baitugu bestea egiteko. Horrek sortzen du distrazioa eta kontzentrazio falta.
Gure kontzentrazioa mantentzeko beharrezkoa da denbora eta konexio momentuak kontrolatzeko estrategiak aplikatzea. Aplikazio gehienek jakinarazpenak ezabatzeko aukera eskaintzen dute, deskonexio uneak eskainiz. Egungo erronka handienetako bat da konektibitatea; ez soilik teknologikoa, baizik eta gure buruarekin konektatzen ikastearena. Eta zu, gai izan al zara honaino iristeko?