MUNDUA: ESLOVENIA

KULTUREN TOPALEKUA

KONTRASTEAK
Esloveniako Errepublika, Balkanetako penintsularen iparraldean kokatua, paisaia-kontraste handieneko Europako herrialdeetako bat da. Alpeetako bailara zoragarrietatik mediterraneoko herrixka ederretara, oporraldi ahaztezin baterako osagai guztiak ditu. Esloveniak Euskal Herrikoaren pareko azalera du (20.000 km2), eta gaurko herritarren identitatean errotutako eslaviar, germaniar eta erromaniko hizkuntza eta kulturen topaleku izan da historikoki. Bertara iristeko era komenigarri eta ekonomikoena Veneziara hegaldi bat hartzea da –Bilbotik astean bitan daude zuzeneko konexioak–, bertatik ordu eta erdira soilik aurkitzen baita Eslovenia.

HIRIBURU BERDEA
Ljubljana, 280.000 biztanle ingururekin, esloveniar nazioaren erdigune politiko eta kulturala da. “Dragoiaren hiria” ere esaten zaio, greziar mitologian jatorria duen kontaketa batengatik, non Jason greziar heroiak inguru horretan dragoi bat hil zuela esaten den. Ljubljanaren jasangarritasunaren aldeko apustua nabarmentzekoa da –2016an Europako Hiriburu Berde izendatu zuten–, batez ere mugikortasunaren, hondakinen kudeaketaren eta berdeguneen garapenaren arloetan. Txoko guztietan lasaitasuna arnasten da eta, hirigunean autoen zirkulazioa debekatuta egonik, oinezkoentzako gune ugari eta bizikletentzako bidegorri sare zabala dago. Ljubljanara bidaiatzea, beraz, jasangarritasuna eta kultura lotzen dituen esperientzia ahaztezina bizitzea da.

BLED LAKUA
Esloveniako erakargarri turistiko ezagunenetarikoa, zalantzarik gabe, Bled lakua da. Ljubljana hiriburutik 57 kilometro ipar-mendebaldera, Gorenjska eskualdean dagoen aintzira hau ingurune natural ikusgarri baten bihotzean dago, basoz eta mendiz inguratuta. 2.120 metro luze eta 1.380 metro zabal da, eta bere barnean irlatxo bat du. Lakua zeharkatu eta uharte bitxi hau ezagutzeko, bertako ontzi edo Pletna batera igotzea da gomendagarriena. Bled aintziraren bista onenak, ordea, 150 metro inguruko labar baten tontorrean dagoen gaztelutik ikus daitezke. Gosea sartzen bazaizu eta gozozalea bazara, Kremna Rezina postrea, eskualde honetan espezialitatea, ezin duzu galdu.

TIRGLAV PARKE NAZIONALA
Esloveniako armarrian Tinglav mendia dago irudikatuta, herrialdeko mendirik altuena (2.824 metro) eta bertako sinbolo nagusienetakoa. 1924an sortutako eta izen bera hartu duen parke nazionalaren barnean dago, Italia eta Austriako mugatik gertu. Lurralde hostotsu honek, baso izugarriak, ondare karstiko oparoa edota ur-jauzi ugari hartzen ditu. Tokirik txundigarri eta ahaztezinenetako bat, hala ere, Vrsic igarobide ikusgarria da. Mendi pasabide hau puntu estrategiko erabakigarria izan zen Lehen Mundu Gerran, hornigaien eta tropen garraioa errazteko eraiki zena. Errepide honek Bovec eta Kranjska Gora herrixken arteko 47 kilometroak lotzen ditu eta ibilbidean zehar ondare kultural eta naturalarekin lotutako interesgune ugari daude.

PODRAVSKA
Podravska eskualde ardogilea, Esloveniako ipar-ekialdean dagoena, herrialdeko handiena eta produktiboena da. Munduko mahatsondorik zaharrenaren sorlekua da, non zelten eta iliriar tribuen garaitik ardoa ekoizten den. Ez da harritzekoa, beraz, Esloveniak ardogintzaren historia hain aberatsa eta 28.000 upategi baino gehiago izatea, urtean 80 milioi litro ardo baino gehiago ekoizten baitituzte 22.300 hektareako mahastietan. Ekoizpen horren %75, gutxi gorabehera, ardo zuriari dagokio. Podravskako eskaintza turistiko zabalaren barruan, non upategi ugari bisita daitezkeen, Frešer bodegak ardoaren inguruan egiten dituen esperientzia ekologikoak nabarmentzekoak dira.

PIRAN
Piran hiri liluragarria, Esloveniako itsasertzean kokatua, Adriatikoaren altxor preziatuenetako bat da. Kostaldeko hiri kosmopolita hau Veneziaren eraginpean garatu zen eta bere kale estuetan barrena ibiltzean Erdi Aroan gauden sentsazioa ematen du. Tartini plaza koloretsua, kafetegi eta jatetxez josia, Pirango bizitza sozialaren epizentroa da. Hiriaren eta kostaldearen ikuspegi paregabeez gozatzeko, Tartini plazaren atzean dagoen muinoko San Jorge elizara joatea aukera ezin hobea da. Kostalde adriatikoko hiri gehienak turismoan zentratuegiak egoteagatik esentzia galtzen ari diren arren, Piranek bere xarma historikoari eusten jakin du eta komunitate bizia eta benetakoa izaten jarraitzen du.