MUNDUA: JOLAS-PARKE BITXIAK

OIHU EGIN NAHI DUT!
Jolas-parkeak, aspalditik, aisialdirako eta dibertimendurako iturri izan dira txiki eta handientzat. Nork ez ditu inoiz bere oporraldiko egun batzuk jolas-parke batean igaro adrenalina askatzen? Donostiarron haurtzaroa, adibidez, Igeldo mendiko atrakzio parke vintage-ari estuki lotua dago. Parke tematikoez ari garenean, beti etortzen zaizkigu burura noriak, karruselak, talka-autoak edota errusiar mendi klasikoak. Turismoko beste arlo batzuetan bezala, kontsumitzaileen gustu eta lehentasunak aldatuz joan dira eta jolas-parkeak ere eredu tradizionaletik aldendu eta esperientzia berriak, baita xelebreak ere, eskaintzen hasi dira. Ondorengo lerroetan, Disney mundu magikotik oso urruti dauden hainbat jolas-parke bitxi dakarzkizut.

GAZTAREN PARKEA
Gaztazalea bazara, hau da zure tokia. Hego Korean kokatua, Seul hiriburutik berrehun bat kilometrora, Ismil Gazta Parke Tematikoak esneki horren inguruko hainbat jarduera eta atrakzio bitxi eta interesgarri eskaintzen ditu. Naturaz inguratutako urrutiko ingurune eder batean dago jolas-parkea, eta urtean 70.000 bisitari inguru izaten ditu. Bertan, adibidez, mozzarella, gazta-makilatxoak, pizzak, xaboiak edo Imsil jatorrizko gazta egiteko tailerrak egin daitezke. Horretaz gain, museoa, 4D zinema, gazta-forma duen behaketa-eraikina, txirrista alpetarrak eta abarrak ere badaude. Ekitaldi garrantzitsuena, ordea, urrian egiten den Imsil N Cheese jaialdi zoragarria da. Lau egunez, festibal jendetsu honetan gaztarekin harremana duten 70 jarduera baino gehiago egiten dira.

'AI PIOPPI'
1969. urtean, Italia iparraldeko Nervesa della Battaglia herrixkan, Bruno Ferrin herritarrak Ai Pioppi izeneko jatetxe txiki bat ireki zuen. Soldatzen bazekienez, Brunok bere kabuz txirrista bat eraikitzea erabaki zuen bere establezimendura hurbiltzen ziren familientzat. Zaletasun gisa hasi zena, berrogei urte geroago, eskuz egindako jolas-parke izugarri bihurtu da. Jatetxearen inguruan dagoen basoa, zabuz, txirristaz, kulunkaz, zubi zintzilikariz, errusiar mendiz eta tramankulu deskribaezinez beteta dago. Harrigarriena? Atrakzio horiek guztiek elektrizitaterik gabe funtzionatzen dute. Parkea martxotik irailera irekitzen da eta sarrera doakoa den arren, jatetxeko bezeroentzat bakarrik dago eskuragarri.

“BIZIRAUPEN” ESPERIENTZIA
Išgyvenimo Drama, Vilnius-en (Lituania) kokatua, Sobietar Batasuneko bizimodua birsortzen saiatzen den parke tematiko xelebrea da. Garai hartan erabili zen benetako bunker batean egiten da “biziraupen” esperientzia hau. Aktibitatea hasteko, zure gauzei, diruari, kamerei eta telefono mugikorrei agur esan, sobietar beroki bat jantzi eta SESBeko herritar baten bizitzan murgilduko zara: KGBko bulego batean galdeketa jaso, Sobietar Batasuneko ereserkia ikasi, garai hartako musikaren erritmora dantzatu eta, noski, vodka edango duzu. Eszenifikatuegia eta “kutre” samarra iruditu zitzaidan arren, merezi du hain esperientzia bitxi eta surrealista bizitzea.

NAPOLES ETXALDEA
Antiokian (Kolonbia) dago Napoles etxaldea, 1978 urtean Pablo Escobar narkotrafikatzaileak sortutako 3.000 hektareako ingurunea. Bertan, lortutako aberastasun izugarriarekin, gehiegikeria eta zentzugabekeriez jositako parkea sortu zuen. Escobar hil eta bere inperioa erori ondoren, Kolonbiako estatuak urte batzuk behar izan zituen etxaldea desjabetzeko, 2004an lortu zuen arte. Gaur egun, iragan ilun eta iskanbilatsua atzean uzteko asmoz, eskualde osoaren garapen guneetako bat bilakatu den parke tematiko interesgarria bisita daiteke bertan. Azpimarratzekoa da narkotrafikatzaileek abandonatutako animalia-espezie exotiko ugariren bizi-raupena bermatzeko santutegi bat sortu dutela Napoles etxaldean.

THE RIG
2021ean lehen aldiz iragarrita, The Rig itsas petrolio plataformetan inspiratutako munduko lehen parke tematikoa izango da, Saudi Arabiako kostaldean kokatua. Zaharkitutako hainbat plataforma oinarritzat hartuz, herrialdean nazioarteko turismoa sustatzeko erabili nahi da megaproiektu hau. Zifrak zotina kentzeko modukoak dira: 300.000m2-ko azalera, 800 hotel-gela, 11 jatetxe, ikuskizunetarako 6.000 eserlekuko esparrua, 70 atrakzio baino gehiago... Oraindik irekiera-data ofizialik iragarri ez bada ere, sustatzaileek urtean 900.000 bisita baino gehiago aurreikusten dituzte 2032rako.