MUNDUA: Juan FernAndez uhartedia
ALTXORRAREN BILA
BIODIBERTSITATE PAREGABEA
Juan Fernandez artxipielagoa Ozeano Barean kokaturiko uharte-multzoa da, Txileko kostaldetik 670 kilometro hegoaldera. Hiru irla nagusiz osaturik dago: Santa Klara, Alejandro Serkik eta Robinson Crusoe. Artxipelagoa administratiboki Txileko lurraldearen zati da, Valparaisoko probintziakoa konkretuki. Bertako biodibertsitate paregabea zaintzeko helburuarekin, 1935ean Parke Nazional izendatua izan zen, Txilen babestutako lehen parkea bilakatu zelarik. Turismo masiboaren fokotik kanpo dagoen eskualdea da, itsasoan 3.000 kilometro barrurago dagoen Pazko uharteak bereganatzen baitu arreta guztia. Natura da Juan Fernandezen erabateko protagonista eta bertako txoko zoragarriak lasaitasunez eta ia jenderik gabe ezagutzea luxua da.
ITSASONTZI BATEN
Ibilbidea bera abenturaren zati dela esan ohi da askotan eta Juan Fernandez artxipelagora iristeko bidea esaldi horren adibide garbia da. Bi garraiobide daude: abioneta eta itsasontzia. Iristeko modurik azkarrena, noski, hegazkina da, Txileko Santiagotik bi ordutan iristen baita uhartedira. Modurik entretenigarriena eta gomendagarriena, ordea, itsasontzia da. Patxadaz hartzea da lehen premisa, bidaia 48-72 ordu ingurukoa baita. Karga-ontziak direnez, gainera, ez da zure bizitzako bidaiarik erosoena izango. Hala eta guztiz ere, esperientzia ahaztezina izango dela ziurtatzen dizut. Ozeano Barearen mugagabetasunaz gozatzeko aukera paregabea da eta, zorte pixka batekin, zetazeoak ere begizta daitezke.
ROBINSON CRUSOE
Robinson Crusoe irla Juan Fernandez artxipelagoko uharterik zabalena da, piraten eta altxorren inguruko kondairengatik ezaguna. 1966. urtera arte “Más A Tierra” deitua, Daniel Defoeren eleberri arrakastatsuaren omenez, zeinetan uharte honetan gertaturiko naufragio erreal batean oinarritutako istorioa kontatzen den, berrizendatua izan zen. San Juan Bautista herrixka Robinson Crusoeko –eta artxipelagoko– udalerri bakarra da eta bertako biztanleak –1.000 inguru– otarrainaren arrantza jasangarritik eta turismotik bizi dira. Aire zabaleko jarduerak gogoko badituzu, ingurune natural pribilegiatu honetan denetarik egiteko aukera izango duzu: urpekaritza, surfa, trekkinga, zaldiketa, arrantza eta beste asko.
OTARRAINA
Otarraina da, zalantzarik gabe, Juan Fernandezen gastronomia eta kulturaren sinbolo nagusienetako bat. XVI. mendetik aurrera, artxipelagoa okupatzen hasi zenetik, itsasotik zetozen elikagaiek, eta zehazki otarrainek, protagonismo nabarmena zuten. Eskualde honetako biztanleak aitzindira dira, 1894. urtean eman baitzituzten otarrainaren gehiegizko ustiatzeari aurre egiteko lehen urratsak. Arrantzaleek, zetorren arazoa aurreikusirik, gobernuari jardueraren erregulazioa eskatu zioten. Horri esker, ia 130 urte geroago, itsas ekosistemak ia bere horretan irauten du. Arrantza-denboraldia urtean lau hilabetez ixten da, ekaina eta iraila bitartean, espeziea berreskuratu ahal izateko. Kontuz, beraz, debekualdi horretan otarrain freskoa eskaintzen badizute, isunak gogorrak izaten baitira.
ETORKIZUNERA BEGIRA
Juan Fernandez artxipelagoaren bioaniztasuna apartekoa da, munduko endemismo-tasa altuenetarikoa (%63,4) izateraino. Hala ere, biodibertsitate aberats bezain hauskor hau hainbat faktore antropikorengatik oso kaltetua izan da: zuhaitzen neurrigabeko mozketa, kanpoko espezie exotikoak… Horren guztiaren ondorioz, mundu mailan mehatxurik handienak dituzten hamar ekoeskualdeen artean dago. Inguruaren epe luzerako jasangarritasuna ziurtatzeko esfortzuak ere azpimarratzekoak izan dira, eta azken 130 urteetan itsasoko eta lehorreko eremu babestu ugari izendatu dira. Gaur egun, Juan Fernandez itsas kontserbazioaren eta jasangarritasunaren mundu mailako erreferenteetako bat bilakatu da.
KONTUAN IZATEKOAK
Juan Fernandezera bidaia planifikatzerako orduan, ohitura eta erosotasun batzuei uko egitea eta uharteetako erritmoetara ohitzea, beharrezkoa dela antzemango duzu. Kreditu-txartelak, esaterako, gutxirako balioko dizu, ez baitago ez banku ezta kutxazainik ere, eta toki gutxitan ordaindu daiteke txartelarekin. Baldintza klimatiko aldakorrengatik, garraiobideen atzerapenak ere ohikoak dira. Ezusteak ekiditeko, beraz, astebete estra bateko tartea gordetzea gomendagarria da. Abionetaz joatea erabakitzen baduzu, gainera, arin bidaiatu beharko duzu, pertsonako gehienez hamar kiloko ekipajea eraman baitaiteke.