MUNDUA: KRETA

MUNDUA: KRETA UHARTE MITOLOGIKOA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mundua-kreta/@@download/image/MUNDUA_00.jpg
2023/08/10
erreportajea

Testua: Xabat Izagirre

UHARTE MITOLOGIKOA
MUNDUA: KRETA

EGEOKO ALTXORRA

Kreta, Mediterraneoko Egeo Itsasoan kokatua, greziar uhar-terik handiena da, azaleraz –8400 km2– Madrilgo Erkidegoaren parekoa. Uhartea, hegoaldetik ekialdera, Nomos izenez ezagutzen diren lau eskualde edo prefekturatan banatzen da: Chania, Rethymno, Heraklion eta Lassithi. Heraklion –140.000 biztanle ingurukoa– Kretako hiriburu administratibo, ekonomiko eta kulturala da. Uhartea bere edertasun naturalagatik eta paisaia aldakorragatik da ezaguna; egundoko mendiak, arroila sakonak eta kostaldeko kobazulo ugarirekin topo egin daiteke bertan. Ibilgailu bat alokatzea ia ezinbestekoa da zonaldea ongi ezagutzeko, garraio sistema eskasa eta motela baita. Kontuan izan Mediterraneoko helmuga turistikorik ezagunenetarikoa dela Kreta, urtean bost milioi bisitari inguru jasotzen dituena. Jendetza saihesteko, beraz, behe-denboraldian joatea da gomen-dagarriena.

KULTUREN BIDEGURUTZEA

Mapan duen kokapen estrategikoa dela-eta, Kreta uhartea mendeetan zehar herri eta zibilizazio askoren bidegurutze izan da: minoikoak, mizenikoak, turkiar otomandarrak, arabiarrak eta veneziarrak, besteak beste. Nahasketa honen emaitza da gaur egungo ondare kultural aberatsa. Eskualdeko kultura-adierazpen aipagarrienetakoa mitologia da eta greziar mitologiako pertsonaia askoren kontakizun ugari Kretan gertatzen dira: Zeus, Artemisa, Apolo, Herakles, Teseo, Minotauroa… Azken bien arteko istorioa Knossos jauregian kokatzen da, Heraklion hegoaldean. Garai bateko minostar zibilizazioaren erdigune administratibo eta erlijioso hau bisitatzea ezinbestekoa da kultura ziragarri horren zertzelada batzuk ezagutzeko.

CHANIA

Chania, ekialdeko Venezia ezizenez ere ezaguna, uhartearen iparraldeko kostaldean dagoen portu-hiri ederra da. Europako kokaleku zaharrenetakoa da, non jada K.a. 3400 urtean egonleku bat zen: Kydonia hiria. Chanian mendeetan zehar pasatu diren hiru kulturen aztarnak oso presente daude: Bizantiar Inperioaren indusketak, veneziar garaiko harresiak edota turkiar domeinuaren garaiko eraikinak. Hiria oso irisgarria da eta onena oinez esploratzea da. Aipagarria da, adibidez, portu veneziarraren arnasten den giroa eta atmosfera, zeinetan dozenaka taberna eta jatetxe zoragarri dauden.

SAMARIA ARROILA

Samaria arroila izugarria, Chaniatik 50 kilometrora, Europako bigarren luzeena da –hogei kilometro– eta urtean sei hilabetez –maiatzetik urrira– irekitzen da bisitarientzat. Xyloskalon hasi eta hondartzan amaitzen den ibilbidea, hamasei kilometroko luzera duena, Kretako natur mirari hau ezagutzeko modu aparta da. 1962ra arte, haitzartea populatuta zegoen, baina urte horretatik aurrera, biztanleak beste leku batzuetan kokatu eta, horregatik, gaur egun bidean zehar antzinako etxeak eta elizak ikus daitezke. Bidea erabat seinaleztatuta dago eta atsedenerako hainbat geldialdi ditu. Txangoari goiz hasiera ematea ezinbestekoa da, parkea zazpietatik ordu batetara soilik irekitzen baita.

SPINALONGA

Kretaren ipar-ekialdean kokaturiko uharte txiki hau eskualdeko ikonoetako bat da, bertan eraiki baitzen historiako gotorleku militar iraunkorrenetako bat. XVI. mendean eraiki zenean, helburua piraten eta otomandarren eraso ugarietatik defendatzea izan zen. 1904. urtean, otomandar inperioa behin betiko kanporatu ahal izan zenean, garai hartako izurrite bati aurre egiteko erabili zen Spinaloga, herrialdeko legenardunak isolatzeko toki bilakatu zen. Gaur egun, Kretaren iragan iskanbilatsuaren lekukoa da, eraikuntza askok zutik jarraitzen baitute. Uhartea bisitatzeko ordutegia 8:30etik 15:30era da, eta sar-tzeko bi euro ordaindu behar izaten da.

ON EGIN!

Kretako gastronomia da, zalantzarik gabe, Mediterraneoko uharte zoragarri honetara bidaiatzeko arrazoietako bat. Oso sukaldaritza osasuntsua da, barazkietan aberatsa eta oliba olioan oinarritua. Izan ere, Grezia osoan olibondo gehien dituen tokia da Kreta, herrialdeko olio guztiaren %70 ekoizten du. Sukaldaritza kretarraren ezaugarri nagusia bere soiltasuna da, barazkiak, basa-belarrak eta olioa bera izanik osagai nagusiak. Besteekin otordu bat partekatzea oso errotuta dagoen ohitura da greziarrentzat. Kretako tabernetan arnasten den giroa oso lasaia da, sinplea, formalismorik gabea eta ohikoa da zuzeneko musikaz girotua egotea. Ezin dituzu ondorengo jakiak galdu: Dakos-a (tomate, olio eta gaztadun tosta), Fava (baba irabiatuak tipula eta olioarekin), Kolokithoanthoi-a (arroza eta belarrez betetako kuiatxo-loreak)…