Munduko iceberg handiena, nora ezean
Historiako iceberg handienetako bat jaio berri da, 5.800 kilometro karratuko izotz zati erraldoia Antartidatik askatuta.
Nola jaiotzen da iceberg bat? Midas proiektuko zientzialariek A68 iceberg erraldoiaren sorrera erregistratu berri dute; klima aldaketaren efektuak aztertzen ditu proiektuak, eta Antartidaren punta batetik 5.800 kilometro karratuko izotz zati bat itsasoratu dela zabaldu dute egunotan.
Lauki zuzen baten itxura duen izotz bloke honek ez du, oraingoz behintzat, arriskurik; itsasontzien bidean oztopoa izan daiteke, baina ez du uraren maila igoko, izotz zati hau dagoeneko uretan zegoelako. Dena den, izotz zati horren desplazamentuak itsasoarekin kontaktuan utzi du Antartidako lurrean dagoen izotza, eta horrek bai, uraren maila aldatu dezake.
Zientzialariek adierazi dutenez, historian erregistratu duten icebeg handienetakoa da A68 hau. Horren zabalera handia izanik, litekeena da zatitan apurtzea, eta horietako batzuk itsasoan zehar sakabanatzea. Iceberg berri honek aldaketa klimatikoaren eraginak argi utzi ditu proiektuko arduradunen esanetan.