Musika (auto)edizioaren amarauna
Arras aldatu da urteotan musika ekoizpenaren artea. 80ko hamarkadako lori
egunetatik, bizirauteko gaur egungo borrokaraino. Teknologia berriei zein
egoera ekonomikoari egozten diote askok itzulbiraketa.
Musika autoekoizpenean ardaztutako erreportajea izan behar zuen honako honek. Baina gaiari eutsi bezain pronto jabetu ginen ez zegoela prozesuetan fokatzerik aurrekariak ulertu gabe, gure musika industriaren bilakaeraz hausnartu gabe. Badira mamia, eztabaidarako parada, argilunak, hitzak eta isiluneak. Solasaldien eta miaketaren ondoren eraikitako erradiografia duzu hau.
Euskal Herriko diskogintzaren historian, sortzaileek eta aurrerapen teknologikoek ez ezik, egoera politikoak ere pisua izan du. Euskal musikagintzako profesionalekin hitz eginda, ez da lan erraza historia noiztik kontatzen hasi behar den zehaztea. Hala ere, euren hitzek kateatzen dituzte hurrengo lerroetan estalgabetuko ditugun hainbat mugarri.
Gure diskoetxeak
Euskal kulturarekin hertsiki lotutako hogei bat pertsonak sortu zuten 1972an, Baionan, Elkar diskoetxea. Eta frankismoaren amaierarekin bat egin zuen hegoaldean agerpena; 1997an heldu zen Elkar Donostiara. Argitaletxe zein diskoetxe bezala erreferente bilakatu zen, hainbat musikariren diskoak plazaratuta; tartean, Pantxoa eta Peio zein Errobiren diskoak kaleratu zituen. Garai hartan, Fernando Unsainek zuzendutako IZ diskoetxea ere jaio zen. Hasieran folklorean ardaztua bazen ere, rock eta jazz diskoak plazaratu zituen gerora. Gainera, IZ-k eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek Ikuskin ekoiztetxea ernatu zuten.
1980tik aurrera, musika taldeak etengabe sortzen hasi ziren, estilo anitz lantzen zituzten gainera, eta industriak erabateko loraldia bizi izan zuen; LP-ak egin eta saltzen ziren.
Iruñean, 1981 eta 1987a bitartean lanean aritu zen Soñua diskoetxea, eta bere errautsetatik altxatu zituzten Nola eta Oihuka. Hamarkada amaieran, Gasteizen Cuvycu jaio zen, ondoren etorriko ziren beste hainbat zigiluren eredu izan zena; bere ildoa jarraitu zuten Hilargi Records, Discos Suicidas, Arion, Basati Diskak, Amarita Records edota DDT diskoetxeek.
Esan Ozenki gogoratzen dute askok gure musika historiako ezinbesteko mugarri bezala. Hamar urteko ibilbidea izan zuen, 1991-2001 urteen bitartean. Negu Gorriak taldeak sortu zuen eta 200 disko inguru plazaratu zituen, tartean, Anari, Su Ta Gar, Ruper Ordorika, BAP!!, Lisabö edota Etsaiak bezalako bakarlari eta taldeen lanak. Fermin Muguruzak Fugazi taldearen Dischord diskoetxearen ereduan oinarritu zuen Esan Ozenki; alegia, musikariek eta diskoetxeak etekina erdi bana banatzen zuten, beste hainbat ezaugarriren artean. Diskoetxea desagertu zenean, Metakek hartu zuen bere lekua.
Hamarkada erabat emankorra izan zen 90ekoa. Gor diskoetxeak hamar bat lan kaleratzen zituen urtean, eta 1995ean Gaztelupeko Hotsak sortu zen. Eta horiez gain, beste hainbat ere martxan hasi ziren: TX diskak (1991), Hirusta (1995), Etxe-Ondo (1995), Mil a gritos (1995), Laute (1995), Arise Records (1997), Agruparte (1997), Zaunka diskak (1998) edota Underhill (1998).
80ko zein 90eko hamarkadak oparoak izan ziren diskoetxeentzat. "Entzule gisa, zigiluek bazuten erreferente izateko gaitasuna. Ildo editorial horri esker, askotan disko bat erosten zenuen taldeari buruz ezer gutxi jakin gabe, besterik gabe zigiluak diskoa atera zuelako" dio Gorka Urbizuk. Orain, ordea, errealitatea bestelakoa da Berri Txarrak taldeko kidearen ustez: "Hori galdu egin da diskoetxeen gainbeherarekin, eta erreferentzia mota horiek beste nonbait topatu behar ditu entzuleak".
DIY filosofia
2000. urtearekin batera indarra hartuz joan zen Do It Yourself (DIY) edo zuk-zeuk-egin filosofia. Musika industriak ezarritako sistemari modu kolektiboan izkin egitea zen helburua. Gaur egun indarrean jarraitzen duen lan egiteko modua da, baina eztabaida mahai-gainean dago: hautu politikoa izaten jarraitzen du ala azken irtenbide bezala ikusten da? Alegia, DIY bezala definitzen den guztia, funtsean, berdina ez dela eztabaidagai da.
Zenbait taldek euren diskoak plazaratzeko sortu izan dituzte zigiluak, esate baterako, Kerobia taldeak Y las ardillas mágicas (2008) sortu zuen. Eta bi urte lehenago, 2006an, bIDEhUTS kolektiboa eratu zuten. Urteen poderioz familia hazi egin den arren, Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anarik eman zioten hasiera. "Gurea ez da diskoetxe bat; gure diskoak plazaratzeko elkarrekin, baina era berean, bakoitza bere kabuz, lan egiten duten pertsonen taldea baizik" argitu du Lisabö taldeko Karlos Osinagak. Euren webgunean dioten legez: "gu geu gara geure diskoak kudeatzen, egiten, grabatzen eta banatzen".
Egiletza eskubideak
Musikariak bere sorkuntza babestu eta partekatzeko bi lizentzia mota daude: Copyright-a eta Copyleft-a. Lehenak kopiak egiteko eta horiek kontrolatzeko erabateko esklusibitatea ematen dio egileari. Bigarrenak, aldiz, muga horiek gainditu eta erabilera librea oinarri hartuta hainbat aukera ematen ditu. Copyleft-ak bete-betean egiten du talka SGAE (Espainia) edota SACEM (Frantzia) bezalako egile eskubideen kudeaketarako elkarteekin. Ainara Legardon sortzaileak sakonki hausnartu du gaiaren inguruan Otro modelo es posible izeneko lanean.
Euskal sortzaileen eskubideak bermatze aldera, berriki sortu da EKKI (Euskal Kulturgileen Kidegoa), egile eskubideak kudeatzeko agentzia. Eusko Jaurlaritzaren honespena izan du, eta forma hartzen ari da proiektua. Igor Estankona idazle eta agentziaren idazkariak adierazi legez, euren nahia egiletza eskubideei buruz, zein, oro har, eskubideen gainean eztabaidatzea da, sortzaileen nahia errespetatu eta horiek behar bezala babestu ahal izateko.
Finantzaketa bideak
Gaur egun, arestian ez bezala, diskoetxeek ez dute diru aurrerapenik ematen. Hala ere, Urbizuk azaltzen duenez, baliabideak dituzten zigilu urri batzuek lizentzia bidezko mailegu formula erabiltzen dute: "Zigiluak dirua aurreratu egiten du grabazioa, fabrikazioa eta abarrak ahalbidetzeko. Horren truk diskoa ustiatu egiten du epe jakin batean, eta etekin horietatik aurreratutakoa (gehi mozkinen bat) jasotzen du. Masterra, epe hori amaituta, taldearentzat izan ohi da berriz. Hau da, taldeak ordaintzen du dena, baina zigiluak dirua aurreratuta".
Norberak lortu behar du bere lana ekoizteko dirua. Horretarako, zenbait sortzailek pre-order sistema erabiltzen dute. Hau da, diskoa (edo diskoa eta merchandising-a) salgai jartzen dute lana ekoizpen prozesuan den bitartean. Pre-order kanpainak emaitza onak eman edo ez, horrek ez du diskoaren plazaratzea baldintzatzen. Ostera, crowdfunding sistemaren emaitzak erabateko dependentzia dauka proiektu musikala aurrera eraman ahal izateko. Crowdfundig kanpainan proiektu bat gauzatzeko beharrezkoa den diru kopurua ezartzen du egileak, eta laguntzaileei hainbat aukera proposatu euren diruaren truke. Helburu ekonomikoak kale egiten badu, ez dago diskorik.
Ondo bereiztutako bi bide izan arren, badute zerbait komunean Gorka Urbizuk adierazi legez: "Proiektua aurrera atera ahal izateko, azken batean entzulearen konfiantza behar duzu, hala crowdfunding-ean nola pre-order-ean. Horretarako ezinbestekoa da haren errespetua ekinaren ekinez irabaztea; publikoa ez da batzuk uste bezain leloa".
Diskoa ekoizteko prozesuak eta aurrekontu hurbilketa
• Grabaketa eta nahasketa
3 aste, 15 egun
3.000 eta 5.000 euro bitartean,
estudioaren arabera.
• Masterizazioa
300 euro inguru.
• Diseinu grafikoa
300 eta 1000 euro bitartean,
estudioaren arabera.
• CD kopiak
1000 ale 1.500 euro inguru.
• LP kopiak
500 ale 2000 euro inguru.
• Promozioa
500 eta 1000 euro bitartean,
agentziaren arabera.
• SGAE
1000 CD (0,4815/u) 481,15 euro.
500 LP (0,3366/u) 168,30 euro.
Informazio iturriak
• Webguneak
ainaralegardon.com
badok.info
bidehuts.net
eresbil.com
esanozenki.com
jakin.eus
• Lagundu dute
Igor Estankona (EKKI)
Haritz Harreguy (Higain estudioak)
Galder Izagirre (Berri Txarrak)
Karlos Osinaga (Bonberenea, bIDEhUTS)
Gorka Urbizu (Berri Txarrak)
Asier Zulueta (bIDEhUTS)