Neardentalen mundua ezagutzeko aukera dago Bilboko Arkeologia Museoan

Bizkaiko neandertalik zaharrena den Andereren hainbat hezur daude bertan.

`Neandertalak. Mendebaldeko Pirinioetako beste gizateriaren historia erakusketaren helburu nagusia neandertalak benetan nortzuk izan ziren eta lurralde honetan haien historia zein izan zen argitzea da.

Panelak, beira-arasak eta Emmanuel Roudier artista ospetsuak irudiztatutako formatu handiko eszena ugari daude. 150 piezak osatzen dute erakusketa.

El Polvoríngo (Karrantza) I. leizean berreskuratu ziren Bizkaiko neandertalik zaharrenaren, Andereren, aztarnak, hezur-hondarrak, ikusi ahal izango dituzte bisitariek. Andereren bi hezur daude: buruhezurra eta erradioa.

Andererekin batera, Axlorren (Dima) berreskuratutako neandertalen hondarrak ere badira. Hondar horietako batzuek ehun mila urteko antzinatasuna dute.

Erakusketa 2025eko urtarrilaren erdialdera arte izango da zabalik Bilboko Arkeologia Museoan. Bisita gidatuak egingo dituzte urritik aurrera eta erakusketan oinarritutako familia-tailerrak ere izango dira azaroko igandeetan. Jarduerak doakoak izango dira baina aurrez eman beharko da izena 944 040 990 telefono zenbakian edo arkeologimuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikoan.