Nerabeen artean modu kezkagarrian jaitsi da kondoiaren erabilera
Munduko Osasun Erakundeak (OME) ohar irmo bat jaurti du: kondoiaren erabilera, gazte europarren artean, modu “kezkagarrian” jaitsi da azken hamarkadan. Jaitsiera honek transmisio sexualeko infekzioak areagotzeko arriskua dakar, baita nahi gabeko haurdunaldiak ere. Guztiagatik, hezkuntza sexualaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du erakundeak, eta nola narriatu den azken urtetan.
OMEk argitaratutako txostenaren arabera, Europako zenbait herrialdetan panorama benetan da kezkagarria. Horien artean dago Espainiako Estatua. Dokumentuak erakusten duenez, nesken %68ak bakarrik erabili zuen antisorgailua bere azken harreman sexualetan. 2014an, bestelakoak ziren kontuak, %90ak erabiltzen baitzuen. Mutilen artean, zifra zerbait hobeagoa da: %75ak esan zuen azken harreman sexualean erabili zutela. Alabaina, kondoiaren erabileraren jaitsiera hau ez da soilik Espainian gertatzen, joera kontinente osoan errepikatzen da.
Benetan da kezkagarria behatzea, arrisku praktika hauek, geroz eta ohikoagoak direla neska-mutil gaztenen artean. Nerabeek sekula baino goizago izaten dituzte euren lehen esperienzia sexualak. Espainian, adibidez, nesken artean 15 urterekin harreman sexualak izan dituztenen kopurua hazi egin da: 2018an %16 eta 2022an %22.
Hans Kluge-k, Europako OMEko zuzendariak, ez du bere larritasuna ezkutatu eta ohartarazi du hezkuntza sexualaren laxokeriaren ondorioak ikusten ari garela. Gobernuei dei egin die nerabeen artean osasun sexual integral batean inbertitzeko, praktika seguruagoak bultzatuz.
Klaseak ere eragina du kondoiaren erabilera: diru-sarrera urrienetako nerabeak emanagoak dira antisorgailua ez erabiltzera. Datuen arabera, gazte hauetatik %33 ez zuen babesik erabili harremanak edukitzerakoan. Klase altuagoetan, berriz, kopurua %25ekoa da. Honek erakusten du, hezkuntza sexualaren gabeziaz gain, antisorgailuak eskuratzeko ahalak ere eragina izan lezakeela.
Joera honi buelta emateko, OMEk eskoletan hezkuntza sexual programetan inbertitzea eskatzen du, baita osasun sexualetako zerbitzuetara sarbidea hobetzeko ere. Erakundeak dio berebizikoa dela berehala zerbait egitea, kondoiaren erabileraren beherakadak, epe luzera ondorio larriak izan ez ditzan.