Nikki Hiltz, trans eta ez binario, korrikalaria Pariseko Olinpiadetarako sailkatu da

Nikki Hiltz, lasterkari transgero eta ez binario estatubatuarra da. Pariseko Olinpiadetarako sailkatu da 1.500 metroko lasterketa osatu ostean bere herrialdeko atletismoko pista olinpikoan.

Egin zuen denbora 3 minutu eta 55,33 segundokoa izan zen. Hiltz laugarren postuan zegoen azken 300 metroak falta zirenean, baina bat-batean abiadura bizian korrika hasi zen eta bere lehiakideak gainditu zituen, laugarren postutik lehenengora igaroz eta bere marka pertsonala hobetuz. 

“Nire buruari esan nion, azken 100 metroetara iritsi arte ez dut pentsatuko daukadan maitasun eta babes guztian”, esan zuen Hiltz-ek ondoren, prentsaren aurrean. “Orduan, behin 100 metroetara iritsita, horri guztiari nire barnea betetzen utzi nion eta helmugaraino bultzatu ninduen. Hori da zehazki egin nuena”. 

Hiltz-ek AEBko Aire Libreko Atletismoko Txapelketa Nazionala irabazi zuen 2023an modu antzekoan, hirugarren postutik, azken momentuan aurrea hartuz. Bere garaipenaren ostean herrialdeko lehen txapeldun ez binarioa bilakatu zuen. 

2021ean, Hiltz pertsona transgenero eta ez binarioa zela komunikatu zuen Instagrameko post baten bidez. Orduan hauxe esan zuen: “Kaixo, Nikki naiz eta transgeneroa naiz. Horrek esan nahi du jaiotzerakoan ezarri zidaten generoarekin ez naizela identifikatzen. Nire generoa deskribatzeko egun erabiltzen dudan hitza ez binarioa da, nire genero fluidoa azaltzeko dudan modurik onena da”. 

NBC Sport kateak Hiltz-i egindako elkarrizketa batean esan zuen motibatua zegoela LGTBI+ komunitatearengandik jasotako “maitasun eta babes” guztiagatik: “Hau ni baino handiagoa da. Harrotasun hilabetearen azken eguna da. Korrikaldi hau egin nahi nuen nire komunitateagatik, eta baita, LGTBI+ jende guztiarengatik ere”, esan zuen atletak.