Nintendoren iratzargailua jo eta jo ariko da ohetik altxatzen zaren arte

Nintendo erakundeak, -bai, bai, kontsola eta jokoenak-, iragarki bitxi bat egin du. Ez da ez joko bat, ez eta kontsola bat ere: Alarmo deitzen den iratzargailuaren berri eman du.

Berezitasun bat du, ordea, iratzargailu honek; ez dio jotzeari utziko ohetik altxatzen garen arte.

Ohetik atera garela ziurtatzeko erlojuak “narritagarriak” eta “errepikakorrak” diren soinuak igorriko ditu, Nintendoren zaleei ezagunak egingo zaizkienak.

Bost jokoetako abestietako irudi eta doinuekin osatu dituzte zarata “gogaikarri” horiek: Super Mario Odyssey, The Legend of Zelda: Breath of the Wild, Splatoon 3, Pikmineta Ring Fit Adventure.

Alarma gailu inteligenteen kategorian sartzen da eta, horregatik, Internetera konektatu ahal izateko aukera eskaintzen du, Nintendoren musika ofizial gehiago deskargatu ahal izateko, nahi izanez gero.

Iratzargailua gai da gure mugimenduen aurrean erreakzionatzeko. Adibidez, ohetik altxatzen bagara, gailuak ulertuko du jada isildu litekeela. Aldiz, lotan jarraitzen badugu, honen alarma indartsuago bilakatuko da eta ohetik altxatzen garen arte jo eta jo arituko da.

Badu beste funtzionalitate interesgarri bat Alarmo-k. Ez du soilik iratzartzeko balio. Lotarakoan, musika lasaigarria ere erreproduzitzen du, errazago lo hartu dezagun.

Mugimenduaren detektagailuaren bitartez, iratzargailu honek gaueko mugimendu guztien historiala erregistratzeko gai da.


Alarmo eskuratu nahi baduzu, jakin, 2025ean kaleratuko dela modu ofizialean, 100 dolarreko prezioan (91 euro inguru).