Nola jakin norbaitek Instagramen blokeatu egin ote zaituen?

Gerta daiteke gure kontakturen batek gu blokeatzea. Nola jakin hala izan den ala ez? Hona hemen zalantza hori argitzen laguntzeko zenbait aholku.

Sarritan sare sozialetako mugimenduen bidez jakiten da jende ezagunen arteko harremanetan dauden gorabeherak, bereziki batak bestea jarraitzeari utzi diolako. Jarraitzeari uzteaz gain, posible da norbait blokeatzea ere.

Norbaitek blokeatu ote zaituen zalantza baduzu, arrasto batzuk egon daitezke hori argitzen laguntzeko. Hasteko, begiratu pertsona horren profila aurkitzen duzun. Emaitzetan agertzen ez bazaizu, ziur asko blokeatu egin zaitu. Dena den, izan liteke bere profila ezabatu izana ere. Bi aukeren artean benetakoa zein ote  den jakin nahi baduzu, zure lagun bati eska diezaiokezu bere profila bilatzeko. Agertzen bada, blokeatu zaituen seinale. 

Bere argazki edo bideorik ikusterik ez duzula jabetzen bazara, adi! Sarritan besteek haien argazkietan etiketatzen gaituzte, eta horiek jada ikusterik ez badugu, gerta liteke egoera hori izatea.

Mezurik bidali ezina izaten da beste arrastoetako bat. Instagrameko kontaktuekin izandako mezuen gunera joan eta mezurik bidaltzerik ez duzula ohartzen bazara, arrazoi bat gehiago duzu blokeo kontuekin pentsatzeko.

Arrazoi asko egon daitezke blokeoaren atzean. Agian bere kontaktuak murriztu nahi izan ditu, bere profila eta edukia pribatuago bilakatzeko. Nahi gabe egindakoa ere izan daiteke, arazo teknikoren baten ondorioa ala haserreren bat izan daiteke tartean. Pertsona horrekin beste bide batetik egoera argitzen saia zaitezke. Hori bai, argi eta garbi esan badizu nahita egin eta hala jarraitu nahi duela, bere erabakia errespetatzea besterik ez duzu.