Nola lagundu ludopatia duen norbaiti?

Nola lagundu ludopatia duen norbaiti? Diru tartean den jokoetarako joera dugu, entretenimendu eta jolas gisa hartzen dugu, baina jokorako behar obsesibo kontrolaezin bat sortzen denean izaten dira komeriak. Nola lagundu egoera horretan dagoen gertuko pertsona bati? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nola-lagundu-ludopatia-duen-norbaiti/@@download/image/pexels-myatezhny39-3021120.jpg
2025/01/10

Testua: Maitane Legarreta
@mailegetx

Diru tartean den jokoetarako joera dugu, entretenimendu eta jolas gisa hartzen dugu, baina jokorako behar obsesibo kontrolaezin bat sortzen denean izaten dira komeriak. Nola lagundu egoera horretan dagoen gertuko pertsona bati?
Nola lagundu ludopatia duen norbaiti?

Jokatzeko behar kontrolaezina sentitzen du, ondorioak ondorio. Nola jakin ludopatia arazoa duen? Trastorno bat duela esaten honako sintometatik lau edo gehiago izanez gero:

  • Apostuetan diru kantitate nabarmenak edo ondasunak jokoan jartzen baditu, kitzikapen bila.
  • Jokoa utzi, murriztu edo kontrolatzeko saiakerak egin, baina lortu ez badu.
  • Diru galdu eta berriz itzultzen bada galdutakoa irabazteko asmoz.
  • Sarritan jokoan pentsatzen ari bada.
  • Bestelako ezinegonen ondorioz jokora jotzen duenean.
  • Gezurra esaten duenean jokorako duen afana estaltze aldera.
  • Besteen dirua eskatzen duenean.
  • Jokoaren ondorioz lana edota harremanak arriskuan jarri edo galdu baditu.

Ludopatia arazo bat badu, psikoterapia beharko du, baina norberak zer egin dezake laguntzeko? Sarritan ez dugu jakiten nola lagundu edo zer egin. Hona hemen baliagarriak izan daitezkeen zenbait aholku.

  1. Gaiaren inguruko informazioa bildu. Sintomen eta egoeraren inguruan zenbat eta gehiago jakin,orduan eta errazago ulertuko duzu bere jarrera eta egoera emozionala. 
  2. Bere mundu emozionala aztertu. Gatazka emozionalak egon ohi dira ludopatiaren atzean, eta komenigarria da jakitea gaixoaren bizitzaren zer momentutan edo zer egoeratan nabarmentzen den jokorako joera, min emozionalari ihes egiteko modua izaten baita.
  3. Berari galdetu, epaitu gabe. Kasu bakoitzak bere ezaugarriak izaten ditu eta interesgarria da berari galdetzea nola bizi duen jokoarekin duen harremana. Berak arazorik ez duela uste badu, besteek hala esan arren, ez dio jokoari utziko. Halakoetan baliagarria izaten da jokatzeak sortzen dizkion ondorioak edo arazoak joera horrekin lotzea, zer kalte sortzen dizkion jabetu dadin. Behin bera horretaz konturaturik, ludopatiari buruz hitz egin diezaiokegu.
  4. Bestelako helburuak finkatu. Batzuetan zaila izaten da, sortzen dituen arazoak ikusi arren, ardura osoa jokoari egoztea, eta alferrikakoa da zuzenean jokoa uzteko eskatzea. Arreta beste modu batera bidera dezakegu, jokoak sortzen dizkion arazoak konpontzeko bideak edo pausoak ikusaraziz.
  5. Bestelako zereginak edo jarduerak proposatu. Jokoan igarotzen duen denbora betetzeko alternatibak topatzea onuragarria izaten da: kirola egin, lagunekin geratu, irakurri, ibili...
  6. Lorpenak eta alderdi onak nabarmendu. Lortzen dituen gauzak, txikiak izanik ere, balioestea komeni da eta jokoak bazterrean uzteak ekarritako onurak nabarmentzea.
  7. Egoera arriskutsuak saihestu. Zenbait egoera edo testuinguru, esate baterako joko makinen ondoan egoteak, zaildu egin lezake prozesua berarentzat. Hori dela eta, egoera arriskutsuak identifikatu eta agenda horren arabera antolatzea ideia ona izan daiteke.
  8. Ohitura osasuntsuak bultzatu. Baliteke antolatu gabeko bizitza izatea eta horri buelta emanez, ordutegiak zehaztu, kirola egin, ondo elikatu, atseden hartu eta halako errutinak ezarrita, zailagoa izango da jokoan erortzea.
  9. Ez lagundu sintomak okertzen. Gaixo dagoen pertsonaren ezinegona baretze aldera, batzuetan eskatzen diguna ematen diogu, dirua edo bere jardueretan laguntzea, baina komenigarriena arazoari aurre egitea da. 
  10. Babesa eman. Prozesu konplexua da halako zerbait gainditzea eta ezinegon eta antsietate uneak egon daitezke. Aldamenean babesa eta laguntza emango dion norbait izatea ezinbestekoa da.