Nolakoa izango da mundua 2050 urtean?
OpenMind eta Materiaren elkarlanarekin, El País egunkariko zientzia webguneak honako galdera helarazi die nazioarteko hainbat zientzialariei; nola biziko gara 2050 urtean? Nolakoa izango da gure gizartea 33 urte barru? Erantzunak zientzia fikziotik aterata dirudite.
1) Genetikoki nahieran moldatuak: CRISPR 2012 urtetik martxan dagoen metodoa da, eta hari esker, gutako bakoitzaren genetika nahieran moldatzeko aukera dute. Jennifer Doudna teknika honen asmatzaileetako baten esanetan, litekeena da etorkizunean haurrak genetikoki moldatuak izatea; gure semeen begietako kolorea aukeratuko dugu, eta baita beren altuera edota bestelako ezaugarriak ere. Nor daki, denbora gutxian, bere garunaren gaitasunak moldatzeko aukera ere izango dugu.
2) Aldaketa klimatikoari eutsiko dioten super-uztak: 2050 urtean, munduko biztanle kopurua 10.000 milioi pertsonara iritsiko da; ondorioz, nekazaritza ekoizpena oraingoarekin alderatuz %70 igoko da. Aldaketa klimatikoak eragindako arazoei aurre egingo dieten super uztak egongo dira, genetikoki moldatutako landareak, izurrite eta lehorteei aurre egiteko diseinatuta.
3) Teknologia berriek eta robotikak eragindako desberdintasunak: Dagoeneko gertatzen ari den fenomenoa da, batez ere Europan eta AEBetan; teknologia berriek eta robotikak aberats eta txiroen arteko desberdintasunak handitzen ari dira. Alde batetik, herrialde garatuenek abantaila handiagoak dituzte teknologia horiei esker, eta bestetik, gailu horietara heltzeko aukera ez dutenak geroz eta eszeptikoagoak dira. Hala, teknologia berri horiekin lan egiteko gai direnek geroz eta soldata altuagoak dituzte, eta aldiz, langileria klasikoak geroz eta gutxiago irabazten du. Sistema kapitalista mantentzeko arazo larria da hau etorkizunean, gizartearen ehuneko handi batek ez duelako dirurik izango kontsumo maila hori mantentzeko.
4) Gehiago bizi, baina haur gutxiagorekin: Hau ere, gurean dagoeneko sumatzen hasi garen aldaketa da. Geroz eta gehiago (eta hobeto) bizi gara, baina gehien bizi diren gizarteetan geroz eta haur gutxiago jaiotzen dira. Hala, 100 urte dituztenen kopurua 10 aldiz handituko da munduan. Bestalde, herrialde txiroetan ere geroz eta gehiago bizi dira; hori dela eta, etorkizunean herrialde horietako heriotza motak aldatuko dira, guk ditugun gaitz berdinekin hilko baitira (alzheimerra, minbizia...).
5) Ama 60 urterekin: Amatasuna geroz eta gehiago ari da atzeratzen, hori ez da misterio bat; baina zientzialarien ustetan, etorkizunean ama 60 urterekin izatea ez da polemikarako gaia izango. Gainera, antzuak diren pertsonek haurrak izateko bide berriak izango dituzte. Bestalde, medikamentuak askoz merkeago eskuratuko ditugu, orain asmatu diren medikamentu askoren patenteak amaituko direlako 30 urte barru.
6) Buruko gaitzak, gainditu gabeko gaia: Zientzialarien ustetan, oraindik denbora beharko dugu buruko gaitzei aurre egiten ikasteko. Dagoeneko badira honetan inbertsio erraldoia egin duten herrialdeak, baina eskizofrenia, alzheimerra, parkinsona depresioa edota autismoa sendatzeko dezente falta da oraindik.
7) Marten bizitzen: Kepler teleskopioko langile Dimitar Sasseloven esanetan, 2050an gizakia Marten bizitzera iritsiko da: 2050 urterako Lurra bezalako 500 planeta ezagutuko ditugu, eta etorkizuneko kolonizazioak prestatzen hasiko gara, Gainera, 5-10 urtetan espazioan bizia ote dagoen jakiteko moduan egongo gara".