'Non dira haurrak?' antzezlana estreinatuko dute asteburuan Bilboko BBK aretoan

Zortzi urteko neskato baten suizidio saiakera du abiapuntu lanak.

Tartean Teatroak eta BBK aretoak ekoiztutako Non dira haurrak? antzezlana estreinatuko da bihar eta etzi aretoan bertan. Zortzi urteko neskato baten suizidio saiakera kontatzen du Jokin Oregiren obrak. Azaldu dutenez, "gizarte hautsi, krudel eta zeharo depresibo batek haurtzaroan duen eragina" uzten du agerian lan honek.

Hauxe da antzezlanaren nondik norakoa: "Maddi txikia bolada txarra pasatzen ari da. Ez du jateko gogorik, eskolako notek okerrera egin dute nabarmen. Gurasoek ez dakite zer egin alabarekin, ez baitu inolako azalpenik ematen. Azkenean, Leire psikologoaren kontsultara eramatea erabaki dute. Baina inork ezingo du ahalegin tragikoa saihestu. Neskatxa hondartza ondoko harkaitz batzuetan agertuko da larri zaurituta".

Obran protagonista neskatila bat dela dirudien arren, haren inguruan dabiltzan helduen erretratua da. Ez da umerik agertzen eszenan; pertsonaia helduek benetan presente baleude bezala jokatzen dute haiekin, baina ikusleak ez ditu inoiz ikusten. Helduen sufrimenduan sakonduko du eta "gizarte depresiboa, antsietateduna eta ankerra deskribatuko du, non egia irtenbide itxaropentsu gisa aldarrikatzen den: egia ezkutatua".

Jokin Oregik idatzi eta zuzendutako antzezlan honetan aktore hauek parte hartuko dute: Iraila Elias, Getari Etxegarai, Javier Barandiaran, Iñigo Aranburu, Ruth Gimera, eta Irene Zarrabeitia. Adrian Garcia de los Ojosek egin du jatorrizko musika eta letrak, berriz, Miren Agur Meabek. Estreinaldian Bilboko Haur Koral Elkarteak parte hartuko du.

Larunbateko eta igandeko emanaldiak 19:30ean izango dira.