Normala ote naiz?
Ingurukoekin alderatuta, sarritan, ezberdinak garela sentitzen dugu.
Gorputzeko atal jakin batek berezi sentiarazi gaitzake. Gustuko pertsonarekin nahi dugun harremana jendeak izan nahi duenaz bestelakoa dela konturatu
gaitezke. Baina zer da, bada, normala izatea?
Sexologook gure jardun profesionalean hamaika zalantza, kezka eta galdera jasotzen dugu, hezkuntzan zein aholkularitzan. Galdera horiek egiten dituzten pertsonak bezain anitzak dira galderak, baina gehienetan, oinarrian, zalantza berbera izaten dute: Normala ote naiz?
Halakoetan, ohikoena normalak ez garela pentsatzea da, baina benetan adierazi nahi duguna ondo azaltzea zail egiten zaigu, hiztegi ezberdina erabiltzen baitugu. Hau da, sexualitate kontuetan normaltasuna estatistikoki neurtzen da (inoiz ez normatiboki edo modu arautzailean), baina estatistika horietatik ateratzen den argazkiak ez du estatistikoa baino balio handiagorik. Hala ere, normaltasunari lotzen zaizkion ezaugarrien artean osasuna eta erakargarritasuna daude, hau da, normala izateko osasuntsu eta erakargarri izan behar dela uste da.
Sexologook ezin dugu horrekin ados egon. Efigenio Amezuak dioenez: "Desiratuak diren elkartze guztiak bestearen berezitasunek erakarrita sortzen dira, bestea ez delako ‘edozein’, erakargarria den beste hori baizik. Horregatik, erakargarritasunaren fenomenoa ez da ulergarria patologia edo normaltasunagatik, berezitasunengatik baizik. Horiek dira subjektu batetik bestera doazen distantzia luzeak gainditzen dituztenak".
Berezitasunak nagusi
Hori kontuan hartzen badugu, "normala ote naiz?" galderaren erantzuna beti izango litzateke ezezkoa, hau da, inoiz ez ginateke normalak izango. Denok ditugu berezitasunak, baina hori negatiboa izan ordez, oso positiboa da. Lehenik eta behin, berezitasun horiek direlako norbera besteengandik ezberdintzen dutenak, norbera bakar eta errepikaezin egiten dutenak. Momentu batez gure biografian arakatzen badugu, aurkituko dugu berezitasunen bat ukatu zitzaigun unea. Neba-arrebekin, ikaskideekin edota bikote ohiekin konparatuak izaten garenean gaizki sentitu ohi gara. "Ni ni naiz, horiengandik ezberdina, beraz, ez iezadazu berdin jokatzeko eskatu, ezta nirekin berdin jokatu ere", pentsatzen dugu.
Amezuaren gogoeta jarraituz, berezitasun horiek bakar eta errepikaezin bezala eraikitzen gaituzte, baina baita besteentzat erakargarri izateko potentziala ematen ere. Erakargarria dena bakarra delako baita erakargarria; bestela, inor ez litzateke erakargarria izango, edo guztiok maila berean izango ginateke.
Berezitasun horiek ezkutatu eta gaitzetsi ordez norberarenak eta besteenak errespetatu, landu eta sustatuko bagenitu, aniztasuna onetsiko bagenu, ziurrenik, guztion harremanetan ondorio pozgarri eta desiragarriagoak eragingo genituzke.
Gogoratu:
– Denok jarri izan dugu zalantzan gure normaltasuna.
– Denok ditugu berezi egiten gaituzten ezaugarriak.
– Berezitasun horiek bakar eta errepikaezin egiten gaituzte.
– Horregatik, erakargarriak izateko potentziala ere ematen digute.
Hitzetatik ekintzetara
Motorhead bibragailuak
Heavy metalaren erreferente den taldeak Vibrator izeneko abestia plazaratu zuen bere lehen diskoan. Hala bada, zer hoberik orain hura errealitate bihurtzea baino? Lovehoney etxearekin elkarlanean bi modelo plazaratu dituzte: bala formakoa eta torpedo formakoa. Diskoa topera jarri eta jolasteko prest?
I Just Made Love
Sexu harremanen mundu mapa osatzen lagundu nahi? Smartphone-ko GPSa erabilita, sexu harremana non izan duzun lokalizatu beharko duzu lehenengo, eta, ostean, zehaztasunak adierazi: Nola pasatu duzu? Zein postura praktikatu dituzue? Nolakoa izan da sexukidea? Guztiz anonimoa da, eta dagoeneko 300.000 pertsonak eman dute euren esperientzien berri.