Nuria Culla donostiarrak 'Hamaika Gau' diskoa kaleratu du

Nuria Culla donostiarrak 'Hamaika Gau' diskoa kaleratu du Hamaika abesti ditu lan berriak eta pop elektrikoa du ardatz, bestelako soinuen ukituekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/nuria-culla-donostiarrak-hamaika-gau-diskoa-kaleratu-du/@@download/image/b2825171-5153-d259-e71c-ca49f4f5ddb6.jpg
2024/09/10
Hamaika abesti ditu lan berriak eta pop elektrikoa du ardatz, bestelako soinuen ukituekin.
Nuria Culla donostiarrak 'Hamaika Gau' diskoa kaleratu du

Nuria Culla abeslari eta konpositore donostiarrak bere bigarren lana plazaratu du, Hamaika Gau izenekoa. Aurreko diskoko pop akustikoa alde batera utzi, eta pop elektrikoari heldu dio, batzuetan elektronikoa ere badena, eta beste estilo batzuen ukitua ere bada abestietan, hala nola jazza, soula eta bossa nova.

Hamaika abestik osatzen dute diskoa: soul ukitua duen eta dibertsioaren bilaketaz diharduen Fuego; buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen sufrimenduari eta, haiek uzten ez dutenean, beraiei laguntzeko zailtasunari buruzkoa den Ya no estás; lehen eta bigarren singlea izan diren Afraid eta Hamaika Gau; maitasunean duten guztia ematera ausartzen ez direnei zuzendutako Sunday mood; denboraren joanari buruzko Denboraren Aztarnak; ametsei eskainitako Puerto Rico; konfinamenduan idatzitako Ciudades Fantasma; eta aurrez elkarrekin egondako bi pertsonaren isiltasunari eskainitako Silence abestia.

Musikari hauek hartu dute parte proiektuan Cullarekin batera: Javi Echarrik (gitarra, bi abestitan), Gonzalo Encinalek (pianoa eta teklatuak), Pablo Garcíak (baxua eta sintetizadorea), Edi Saboritek (bateria), Eider Díazek (flauta), Jon Viejok (tronpeta) eta Miguel Parrondok (saxoak). Josu Ervitik grabatu, nahastu, masterizatu eta ekoiztu du Iruñeko bere estudioan.

Nuria Cullak 2013an ekin zion bere bakarkako ibilbideari. Gitarra klasikoko Gradua ikasi zuen Donostiako kontserbatorioan, eta jazz kantuko Goi-mailako Gradua Musikenen. 2018an argitaratu zuen bere lehen EPa, Lluvia de marzo en Venecia. 2021. urtean talde formatuan estreinatu zuen bere abesti berria, I used to izenekoa, eta geroago Casi nada argitaratu zuen formatu berean. Gaur egun, kontzertuak egiten jarraitzen du, taldean zein bakarka.