Núria Picas (Ultra-Trail korrikalaria): "Bihotzez eskalatzailea eta alpinista naiz"
Distantzia luzeko lasterketetan marka guztiak hautsi ditu Núria Picasek
(Manresa, Herrialde Katalanak, 1976). Egun, Bergan bizi da, Pirinioetatik gertu aurkitu baitu bere tokia. Bizitzan kolpe gogorrak jaso dituen arren, 38 urterekin, pozik eta indartsu dabil erronka berrien bila.
Noiz eta nola hasi zinen korrika egiten?
Txikitan ez nuen lasterketetan parte hartzen, eta ez dut sekula atletismoko pista bat zapaldu. Betidanik mendiaren, eskaladaren eta, or har, kirolaren maitalea izan naiz, eta 22 urte bete nituenean, 1999an, Anetoko maratoian parte hartu nuen lehen aldiz; hirugarren postuan iritsi nintzen.
Korrikalaria ez izateko ezin hobeki debutatu zenuen, baina gutti iraun zuen pozak...
Lehen lasterketa horretan Kataluniako Selekzioak kasu egin zidan, baina gazteegia nintzenez ez ninduten hartu. Lau hilabete geroago, zoritxarrez, Montserraten eskalatzen ari nintzela istripu larri bat izan nuen, eta korrika egiteari utzi behar izan nion.
Zer gertatu zitzaizun zehazki?
Lau metroko erorketa izan nuen, harri batekin kolpatu eta beste bi metro erori nintzen lurrera iritsi arte. Kirolari gisa garairik oparoena hastear nuenean lesionatu nintzen, eta kolpe gogorra izan zen. Ezin hobeto gogoratzen ditut istripua eta ospitaleko lehen uneak. Medikuek argi utzi zidaten hasieratik kontu larria zela, eta kirola egiteaz betirako ahaztu beharko nuela.
Azken urteetan lortu duzun guztia ikusita, gezurra dirudi.
Bai, baina medikuek arrazoia zuten hein batean. Istripua pasa eta errekuperatzen ari nintzela saiatzen nintzen tarteka korrika egiten, baina min izugarria nuen, eta hamar urte pasa behar izan ziren, berriro ere dortsala jarri ahal izateko.
Kirola egiteari erabat utzi zenion garai hartan?
Kirolik gabe ezin naiz bizi, eta errekuperazio prozesua motela izan zen arren, minarekin elkarbizitzen ikasi nuen. Mendira joaten eta eskalatzen jarraitzen nuen, eta txirrindularitzari ere heldu nion.
Zerk bultzatu zintuen 2010ean Montserrateko lasterketan izena ematera?
Hanka bere onera etortzen ari zitzaidan, eta horrexegatik erabaki nuen Montserrateko lasterketan izena ematea. Eta Katalunian errekonozimendu handia duen Monica Ardiden marka berdindu nuela ikusita, Bergako lasterketan parte hartzera ere animatu nintzen; eta hori ere irabazi egin nuen. Kataluniako Selekzioa izan zen orduan bigarren aukera eman zidan lehena.
Itzulera nolakoa izan zen?
Bizitzak gordeta zidan zorra zen. Nik mendiko korrikalaria izan behar nuen, baina 2000. urtean dena izorratu zen, eta ondoren, patuak aurretik bidegabe lapurtu zidana itzuli zidan Montserraten. Bigarren aukera bat jaso nuen, eta hasieratik ahalik eta gehien aprobetxatzen ahalegindu nintzen. Azken urteetan lortu dudan guztia ikusita, istripuak lagundu zidala pentsatzen dut orain.
Bitxia da. Ezbeharra izan zenuen leku berean itzuli zinen lehiaketetara.
Hara! Arrazoia duzu, ez naiz inoiz horretaz konturatu. Mendi magiko honek gauza on asko oparitu dizkit, baina baita beste hainbeste kendu ere.
Istripuaren ondorioz beldurrik izan duzu noizbait?
Mendiari errespetua izan behar zaio, baina beldurrik sekula ez. Ezbeharrak gertatzen direnean, ikasgai gisa hartu behar dira beti, baina garrantzitsua da aurrera jarraitzea. Garrantzitsua da halako egoerei aurre egiten jakitea, bestela ez baitago garapenik.
Nola duzu hanka orain?
Oraindik min ematen dit eta haizatuta dut beti. Gezurra dirudi! Istripuan ezker oineko astragaloa –gorputz guztiko indarrak banatzen dituen hezurra– hondatu nuen erabat, eta orain nekrosia dut, hau da, hezurraren zati bat hilik dago. Urtean behin erresonantzia magnetikoa egiten didate, baina momentuz geldirik dagoela dirudi. Gauza bat esango dizut: ematen diodan egurrarekin, ezin naiz kontentuago egon, eta bihar medikuek guztia bertan behera utzi behar dudala esaten badidate, kontent egon naiteke! Bromak aparte, oztopo honekin bizi naiz, baina momentuz aurre egin diot eta pozik nago horregatik.
Egin dituzun lasterketa guztien artean, Kataluniako Cavalls de Vent txapelketari diozu estimu berezia. Zergatik?
2011ko urriaren 2an lehen Ultra-Traila egin nuelako bertan. Ordura arte distantzia motzetako lasterketetan parte hartu nuen bakarrik, eta lagun batek gomendatuta horrekin saiatu nintzen. Argi nuen ez nintzela amaitzeko gai izango, baina ezustean, ez amaitu bakarrik, ordura arteko markak hautsita irabazi nuen.
Zein da Ultra-Trailaren zailtasunik handiena?
Hamaseigarren ordutik aurrera datoz komeriak, eta gauak bereziki gogorrak dira bakarrik zoazenean.
Lasterketa guztien artean, zein da gogoratzen duzun momenturik gogorrena?
Mont Blanc-ekoa, iaz. Gauez bakarrik nintzenean gaizki pasatu nuen, eta lasterketaren norantza ere galdu nuen. Maiz gertatzen da eta horixe da okerrena, buruak guztia jartzen duelako zalantzan, eta errendimenduak behera egiten du zuzenean.
Halakoetan zerk laguntzen zaitu?
Egia esan, ez dut bereziki laguntzen didan pentsamendurik. Noski, lasterketa guztian zehar asko gogoratzen naiz semeekin, mendiarekin dudan harremanarekin eta, oro har, bizitzan ditudan ilusioekin. Pentsamenduak joan eta etortzen dira, baina momentu gogorrenetan kirolariak robotak bezalakoak izaten gara. Besterik gabe, korrika egiten dugu, eta zenbaitetan, nire gorputzetik ihes egitera iritsi naiz, konturatu gabe.
Sekula pentsatu al duzu guztia bertan behera uztea?
Noski. Baina pozik nago gero eta gutxiagotan gertatzen zaidalako. Ez dakit, uste dut oinazera egokitu naizela, gero eta hobeto sentitzen naiz, eta horrek korrikalari hobea egiten nau.
Eta lasterketetan zer da pozgarriena?
Egin ditudan lasterketa guztietan pentsatzea, eta bakoitzean ezagutu ditudan lekuak eta pertsonak gogoratzea. 2014ko denboraldian, adibidez, Japoniako lasterketaren bitartez kultura berria ezagutu izana eta Mont Blanc-eko Ultra-Traileko 139. kilometroan nire lagun guztiak ikusteak eman zidan bultzada dira, besteen artean, unerik pozgarrienak.
Jende anitzek Kilian Jorneten emakumezko bertsioa zarela dio. Ados al zaude?
Oilo-larrua jartzen zait. Inolaz ere ez. Egia da biok hainbat antzekotasun ditugula, korrika egiteaz aparte mendia eta eskalada maite baititugu. Baina Kilian bakarra dago munduan, eta horregatik, ezin da inorekin alderatu.
Zein harreman duzue?
Fisikoki urruti gauden arren kontaktuan gaude. Berak mila gauza ditu, eta gainera, bakarrik egotea gustuko du, baina estimua diogu elkarri. Eta elkartzen garen aldi gutxietan esperientziak konpartitzeko zortea daukagu.
Badakizu Euskal Herrian estimu berezia dizugula?
Betidanik esan izan dut hiru direla korrika egiteko gehien maite ditudan herriak. Bata nirea, Katalunia. Bestea zuena, Euskal Herria. Eta azkenik, Italiako iparraldea. Hiru horietan lehiatu behar dudan guztietan ikaragarri gustura joaten naiz, eta bai, Euskal Herrian didazuen estimua iristen zait.
Bi seme dituzu, zenbateraino eragin dizu ama izateak zure kirolari ibilbidean?
Duela hiru urte eta erdi jaio ziren Róc eta Arç, eta nire neska-lagunak izan zituenez, haurdunaldiak ez zidan zuzeneko ondoriorik eragin. Orain, eskolara joaten dira, eta nik ordu asko ditut goizetan entrenatzeko.
Sekula pentsatu al duzu haurdunaldia zuk izatea?
Egia esan bai, eta ziur naiz ez litzatekeela arazorik egongo. Kontrakoa. Emakumezko asko ezagutzen ditut haurdunaldiaren ondoren errendimendu hobea lortu dutenak. Ez dut eragozpenik ikusten, baina orain oso ongi nago horrela!
Tira, nolakoa da zure egunerokoa?
Never stop filosofiak definitzen nau, ez naiz sekula gelditzen. Urrian 2014ko denboraldia amaitu nuen eta oraintxe eskaladarekin, nire beste pasioarekin, gozatzen ari naiz, 2015eko denboraldia prestatzeko. Horretaz aparte, urte guztian zehar egin ezin ditudan gauzak egiteko ere aprobetxatzen dut, semeekin gehiago egoteko, adibidez.
Harrigarria dirudien arren, zu ez omen zara korrikalaria sentitzen.
Bihotzez eskalatzailea eta alpinista naiz, bizitzak distantzia luzeko lasterketetan dortsala jartzera eraman nauen arren.
2015erako zein dira zure erronkak?
Mont Blanc-eko lasterketan parte hartuko dudan hirugarren urtea izango da, eta irabazi nahi dut. Bestalde, Himalayara espedizio bat prestatzen ari naiz udaberrirako, baina momentuz ezin dut ezer gehiagorik aurreratu. Hortaz, 2015eko denboraldian zortzimilakoa egin eta Mont Blanc-eko lasterketa irabazten badut, erretiratu naiteke! Cavalls del Vent ere errepikatu nahiko nuke, etxeko lasterketa baita. Zegamara joatea, aldiz, zaila izango dut, egutegi arazoak tarteko. Pena izugarria emango lidake hura galtzeak.
Azken denboraldiko emaitzekin pozik zaude?
Izugarri! Lehiatu ditudan lasterketa guztiak irabazi ditut, Mont Blanc-ekoa salbu; bigarren gelditu nintzen. Ametsak izatea bereziki garrantzitsua da aurrera jarraitu ahal izateko, eta ni ametsez beteta bizi naiz.
Etorkizuna nola aurreikusten duzu?
Ez dut horretan gehiegirik pentsatzen. Betidanik egon naiz naturarekin eta kirolarekin lotuta, eta argi dut hori ez dela sekula aldatuko. Dortsala noiz arte jantzi ahal izango dudan ez dakit, baina, konpetitzeari uzten diodan egunean berdina egiten jarraituko dut.
Ultra-Trailean parte hartzeko adin mugarik badago?
Kirol oso berria denez, adin tartea zabala da eta hori interesgarria da niretzat –barrez–. Kilianek 26 urte ditu eta lasterketa guztiak irabazten ditu, baina badira Miguel Heras, Iker Karrera edo Sebastian Chaigneau bezalako kirolariak ere, 40 urteren bueltan daudenak, eta korrikalari bikainak direnak.
Agurtu aurretik, nola ikusten duzu Katalunian bizi duzuen prozesua?
Aro berezia da. Maiz esaten didate gaizki egiten dudala politika eta kirola nahasteagatik, baina nola nahi dute politikaren inguruan hitzik ez egitea munduko txapelketetan parte hartu ahal izateko ordezkatzen ez nauen kamiseta gorri bat jantzi behar badut?
Bestalde, ohikoa da Euskal Herriko eta Kataluniako kirolariek Espainiako Selekzioekin jokatzen duzuenean ere kritikatuak izatea.
2012an, Zegamako lasterketa bigarren postuan amaitu nuenean, bigotedun bi gizon etorri zitzaizkidan, Espainiako Selekzioarekin munduko txapelketan korrika egiteko aukeratu nindutela esatera. Momentu horretan larritu egin nintzen, eta denbora hartu nuen lasai pentatzeko. Hainbat lagunek esan zidaten Suediako Selekzioak aukera bera emango balit zer egingo nukeen pentsatzeko. Eta horrela ikusita ez nuen zalantzarik izan. Biribila irten zitzaidan gainera, munduko txapelketa irabazi nuelako. Hori bai, muga zeharkatu nuenean estelada atera nuen, eta sekulako iskanbila sortu zen!
Arazorik izan zenuen?
Noski, atentzioa jo zidaten, eta sekula errepikatu ez zedin mehatxatu. Baina nik argi utzi nien halakoxea naizela eta gustatzen ez bazitzaien aski zutela berriro ez deituta. Kirola da nire bizitza, baina sentimenduak eta nortasuna guztiaren gainetik daude.