O. Odriozola eta E. Lizaso (Tropela.net): "Txirrindularitzak sinesgarritasuna berreskuratu behar du»

2005eko martxoan Oihan Odriozolak eta Egoitz Lizasok sortutako Tropela.net atariak markak hausten jarraitzen du: iaz 17.500 erabiltzailek egin zuten kinielaren bat, gehienek Frantziako Tourrean.



Etapa ikusten ari zaretela, zerk ezin du falta?
Oihan Odriozola: Telefonoa eta tableta, Twitterren zer komentatzen den jakiteko.

Twitterrik gabe txirrindularitzak ba al du zentzurik?
Egoitz Lizaso:
Niri behintzat, ezinezkoa zait Twitter gabe lasterketa jarraitzea.

Zein da zuen txirrindulari faboritoa?
O.O.:
Quintana Girorako, Froome Tourrerako eta Purito, Valverde eta Contador Vueltarako. Kar, kar!
E.L.: Froome, nahiz eta aurten Sky taldea inoiz baino pattalago dabilen. Horren atzetik, Contador.

Eta txirrindularitzaren historian?
O.O.:
Puerto auziak erakutsi zuenaren ondotik, ezin dut inor aukeratu.
E.L.: Armstrong, bere alde on eta txarrekin.

Txirrindularitzaz aparte, Sarean euskara sustatzeko jaio zen Tropela. Zenbateraino lortu duzue helburua?
E.L.:
Egoera nabarmen hobetu da! Egiten ari garen bidea zuzena dela uste dugu, eta euskararen erabilera normaltasunez jorratzen jarraitu behar dugu.

Zer behar du txirrindularitzak?
O.O.:
Sinesgarritasuna berreskuratzea.
E.L.: Sinesgarritasuna, euskal txirrindulari gehiagoren partaidetza eta komunikabideetan presentzia areagotzea.

Nor miresten duzue?
O.O.:
Gure eskubideen defentsan, duten apurra galtzeko beldurrik gabe, tinko eusten dutenak.
E.L.: Gizarte hobe baten alde lanean ari direnak.

Eta nor bidaliko zenukete infernura?
O.O.:
Euren poltsikoa betetzeko beste bat zapaltzeko prest daudenak.
E.L.: Zer esan hainbeste injustizia ikusten dugun garaiotan?