Obesitate epidemia, biztanleria landatarraren amesgaiztoa
Gizateria 6 kilo gizendu da gizabanako bakoitzeko 1985. urtetik, eta mundu osoko arazoa bilakatu da.
Egun publizitateak inposatzen dituen edertasun joeren aurka, gizateria geroz eta lodiagoa da. Hain zuzen, obesitatea aztertzeko egin den ikerketarik handienak ondorioztatu duenez, 1985. urtetik hona gizateria 6 kilo gizendu da gizabanako bakoitzeko. Ondorio hori atera dute herrialde guztietako 112 milioi lagunen pisua eta altuera aztertu ondoren, eta 30 urte baino gehiagoko lanaren ondoren. Ikerketak ateratako beste ondorio batzuen arabera, landa guneetan dute obesitate epidemiarik latzena, eta baita herrialde pobreetan ere; hain zuzen, gune horietan %80 lodiegi daude.
Orain arte pentsatzen zenaren aurka beraz, obesitateak batez ere biztanleria landatarra eta txiroa kaltetu du. Ikertzaileen arabera, hirietako eta gune garatuetako biztanleak baliabide gehiago ditu obesitateari aurre egiteko; elikagai hobeak lortzeko aukera, kirolguneak, informazioa... aldiz, zonalde txiro eta isolatuetan, zailagoa da gaixotasuna ekiditea.
Nature aldizkariak argitaratu du ikerketa, eta bertan, hainbat ezberdintasun zehaztu dituzte herrialdeen arabera. Hala, Espainia, Portugal, Grezia, Italia y Frantziako hiriburu eta landaguneetan obesitate kasuak oso antzekoak dira; Alta, Honduras, Egipto, Txina, Peru edota AEBetan aldea nabarmena da.
Ikerlariek diotenez, arazoa larria da, eta garai bateko desnutrizioa malnutrizioarekin ordezkatu dela salatu dute. Beste modu batean esanda; jendea ez da gosez hiltzen, kalitate eskaseko osasunarentzat kaltegarria den janaria jateagatik baizik. Hala, janari azkarrak eta azukreak eragiten dituzten gaixotasun hilgarrien gorakada jaso dute txostenean, batez ere, diabetesa eta minbiziak.
HAURRAK, KALTETUENAK
Zoritxarrez, historian lehen aldiz obesitatea ia jaiotzetik ematen ari da hainbat lekutan. Publizitatearen etengabeko bonbardaketak, errekurtso gutxi izateak eta zuzen elikatzeko ezjakintasunak biziki eragin die mundu osoko haurrei. Obesitate maila maximoa Amerikar Samoako biztanleek jasaten dute, Hego Pazifikoan; gutxienek, Bangladesh eta Etiopiako biztanleek.