Objektuak Mundura konektatuta!

Aspaldi daramagu ‘gauzen interneta’ kontzeptua entzuten, internet of things (IoT) ingelesez, baina azken hilabeteetan kontzeptu hau hedatzen hasi da apurka-apurka gure etxe bizitzan sartzeko asmoz.

Definizio tekniko bat zehaztu behar bagenu, ‘gauzen interneta’ hitzek dioten bezala, egunerokotasunean erabiltzen ditugun objetuak internetera konektatzean datza. Honela, edozein lekutan gaudela, hauek kontrolpean izango genituzke eta momentu oro guk nahi ditugun akzioak burutuko zituzten. Hau lortzeko, sistema ezberdinak ditugu gure esku. Raspberry Pi mini ordenagailu merkeenetik hasita, Arduino plaka elektronikotik pasa eta  Photon txip txikietara iritsi arte. Bide batez, esan beharra dago aipatutako hiru gailu hauek asko erabiltzen direla Maker munduan, DIY (zuk zeuk egin) filosofian oinarrituz, 3D inprimagailuekin jendeak gauza oso interesgarri zein erabilgarriak diseinatu eta eraikitzen ditu.

Enpresetatik etxera
Urte asko darama gauzen internetak enpresen eguneroko funtzionamenduan. Esate baterako, fabrika batean aurkitu ditzakegun tenperatura eta presio sensoreak, bideo kamerak eta bestelako makina ezberdinak internetera konektatuta daude edozein momentutan edozein lekutik, eta denbora errealean, informazioa jasotzeko. Baina azken urte honetan, teknologiaren prezio baxua (Photon plakatxo batek 15€ inguru) eta internet munduko enpresa askok gure egunerokotasunaren informazioa bildu nahiaren ondorioz, gure etxeetara iristen ari dira objektu berezi hauek.

Praktikotasuna
Guzti hau oso ondo dago, baina goazen kasu praktiko batzuk definitzera. Laster, gure hozkailuak bere barnean zein janari duen jakingo du eta ondorioz, jakiren bat falta denean edo faltan egoteko arriskua dagoenean, erosketa egingo du gure ordez. Baita, jaki bakoitzaren iraungitze data iristeko arriskua dagoenean, mugikorrera mezu bat bidaliko digu abisatzeko.

Kirol munduan arrakasta handia izaten ari dira GPS eta bestelako tresnak dituzten ordulariak. Gauzen internetan, ordulari horiek konektatuta daude eta gure datu guztiak zuzenean hodeira igotzen dituzte. Etorkizunean gure zapatilek ere, sare konexio bat izango dute; zenbat pauso eman ditugu, zenbat kilometro, ze abiaduran.... dena modu automatiko batean erregistratuta egongo da sarean.

Gure osasuna monitorizatuta eduki eta arriskuren bat sumatuz gero, zuzenean medikuari abisua ematen dion kapsula txiki bat gure gorputzaren barnean? Zergatik ez?

Smart City
Kontzeptu hau ere asko entzuten ari gara azken aldian eta datozen hilabeteetan geroz eta gehiago entzungo dugu. Azken finean, aipatutakoan oinarrituta hiri inteligenteak eraikitzean datza. Hiri batean ditugun objektu guztiak, semaforo, seinale, argiak... elkar konektatuta baleude eta beraien artean komunikazio zuzena edukiko balute, hiria kudeatzeko ehunka aukera egongo lirateke: trafikoa modu eraginkor batean zuzentzen duten semaforoak, beharrezkoa denean bakarrik kalea argiztatuko duten argiak, hiriko aparkalekuek gure kotxeari esango lioke libre edo okupatuta dagoen, ...

Etorkizun oparoa
Azken finean mila erabilpen egon daitezke. Oinarria txip, sentsore eta konexioa izanik, gizakiaren imajinazioan dago muga. Sarean aipatzen diren datuak ikaragarriak dira: 2020 urterako 22.000 eta 50.000 mila miloi gailu konektatuta egotea aurreikusten dute. Zureak konektatzeko prest? Ni jakina baietz!