Ohiko formatuan itzuliko da (H)ilbeltza jaialdia urtarrilean

Ohiko formatuan itzuliko da (H)ilbeltza jaialdia urtarrilean Urtean zehar sakabanatutako ekintzen ordez, astebeteko zikloa berreskuratu nahi dute Baztanen urtarrilaren 24tik 30era. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ohiko-formatuan-itzuliko-da-h-ilbeltza-jaialdia-urtarrilean/@@download/image/20211223110810_hilbeltza-2022_foto610x342.jpg
2021/12/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Urtean zehar sakabanatutako ekintzen ordez, astebeteko zikloa berreskuratu nahi dute Baztanen urtarrilaren 24tik 30era.
Ohiko formatuan itzuliko da (H)ilbeltza jaialdia urtarrilean

2015ean antolatu zuten lehen aldiz (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, eta urteroko jarraipena izan du ordutik. Osasun egoera dela eta, aurten ezin izan dute ohiko jaialdia egin eta urte osoan zehar banatu dituzte egitarauaren barruko ekintzak. Datorren urtean lehengora itzultzeko asmoa dute eta urtarrilaren 24tik 30era izango da zortzigarren edizioa, Arizkunen, Anizen, Elizondon, Erratzun eta Iruritan. Hainbat jarduera antolatuko dituzte, hala nola liburu aurkezpenak, solasaldiak, mahai-inguruak eta bestelako ikuskizunak. 

Hasteko, urtarrilaren 24an Koldo Biguri (H)ilbeltza bekaren laugarren edizioaren irabazleak Agur, maitea, ikusi arte Massimo Carlottoren eleberri beltzaren itzulpena aurkeztuko du Arizkungo liburutegi beltzan. Urtarrilaren 26an, Zuzeu agerkari digitalak Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearekin batera egiten duen Euskal gaizkileak podcastaren inguruko solasaldia egingo dute Anizko elkartean, Beñat Hach Embarekek zuzendua. Hilaren 28an, berriz, Ainize Madariagak Maga Andurain abentuaren gurpilean izeneko solasaldia eskainiko du Elizondoko Arizkunenean. 

Larunbatean, hilak 29, Hondar ahoak telesailari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dute Marian Fernandez ekoizleak eta Koldo Almandoz zuzendariak Elizondon. 14:00etan bazkaria egingo dute Erratzuko elkartean, eta bazkalondoan Itxaro Bordak Euri zitalari esker liburua aurkeztuko du, Ane Gartzia gidari dela. Eguna amaitzeko, Susmagarrien gaua jolasa egingo dute Erratzun barna.

Bukatzeko, igande goizean, Lubakietako oroiminak izeneko itzuli beltza egingo dute Iruritan. Arratsaldean, aldiz, Gutun musikatua Victor Frankensteini ikuskizuna eskainiko dute Petti eta Ana Galarragak Elizondoko Arizkunenean.