Oiartzungo Poesia Egunek arrastoa utziko dute, bihartik igandera

Oiartzungo Poesia Egunek arrastoa utziko dute, bihartik igandera Ibilbide poetikoaz gain, hitzaldia, errezitaldia eta poesia emanaldi musikatua izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oiartzungo-poesia-egunek-arrastoa-utziko-dute-bihartik-igandera/@@download/image/metrokoadroka.jpg
2024/09/12

Argazkia: Metrokoadroka

Ibilbide poetikoaz gain, hitzaldia, errezitaldia eta poesia emanaldi musikatua izango dira.
Oiartzungo Poesia Egunek arrastoa utziko dute, bihartik igandera

Oiartzungo Poesia Egunak aurreko urteetan baino oparoagoa izango da, hiru egunetako egitaraua antolatu baitute. 2020an hasi ziren antolatzen, pandemiak kulturgileengan eta kulturan izandako eragina aintzat hartuta eta Eako Poesia Egunek egindako bideari jarraipena eman nahian.

Aurtengo ekimenak Arrastoa izango du gaia, eta ibilbide poetikoan testuak irakurriko dituzten herritarrei beren bizitzetan arrastoa utzi dieten poemak aukeratzeko eskatu diete.

Bihar, 19:00etan, Irati Jimenezek Arbasoak edo mamuak: Euskal literatura bere bidegurutzean hitzaldia emango du, udalbatza-aretoan. Oier Guillanek Loaren defentsan errezitaldia egingo du, 21:00etan, Landetxen, eta jarraian, 22:00etan, Loaldi poetiko kolektiboa arituko da toki berean. Oier Guillan, Titika Rekalt, Lohizune Telletxea, Luix Mitxelena, Ainhoa Alberdi, Ananda Berasarte eta Metrokoadroka kolektiboak hartuko dute parte.

Larunbatean, ibilbide poetikoa egingo dute Altzibartik Karrikara, 11:00etan hasita, eta herritarrek eta Oiartzungo idazleek Arrastoa gaiaren inguruko testuak irakurriko dituzte. Anjel Erro, Mikel Etxaburu, Aintzane Galardi, Maddi Sarasua eta Oihane Jaka izango dira bertan, besteak beste. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Artason. Arratsaldean, 19:15ean, Kantagiltza saioa izango da, Arizmendienean, Erramun Martikorenarekin.

Igandean, berriz, Galbahea poesia emanaldi musikatua izango da Landetxen, 19:00etan.