Olaia Inziartek 'Eman abisua' singlea kaleratu du
Olaia Inziarte musikari nafarrak Eman abisua izeneko lehen singlea plazaratu du, bere bigarren diskoaren lehen aurrerapen kantua. Duela bi urte aurkeztu zuen Lehengo lepotikan burua diskoa eta bere proiektuko berriko kantuak zabaltzen hasi da orain.
"Garai bat bakez ixteko beharretik" sortu da Eman abisua abestia. Inziartek narrazio bat ehuntzen du, "ahultasun eta tristuratik abiatuta, eta figura sendo bat irudikatuta". Askatze horrek beldurtzen duen arren, aurrera egiteko ausardia aurkitzen du. Giro intimoa eta indarra uztartzen ditu kantuan, ahots eta soinu ezberdinen bidez.
Inziarteren ibilbidean atal berri baten hasiera erakusten du. Disko berria 2025ean aurkeztuko du nafarrak, eta tradizionala eta garaikidea uztartzeko duen gaitasuna oso modu berezian nabarmenduko du bertan. Hauskortasunari, indarrari eta eraldaketa pertsonalari buruzko hausnarketa izango dela aurreratu dute.