Olaia Inziartek 'Zerrautsa' izeneko bigarren diskoa kaleratu du
Abeslari nafarraren musikan ohikoa den egiazkotasuna eta sentsibilitatea topa daitezke disko honetan ere, hausnarketari helduta.
Lehengo Lepotikan Burua diskoarekin liluratu gintuen eta oraingoan Zerrautsa izeneko bigarren lana dakar Olaia Inziartek. Gogoeta kritikoa egiten du disko honetan, bai musika munduaren dinamikei begira eta baita munduari berari ere. "Hauskortasunaren, eraldaketaren eta barne-bakearen bilaketaren inguruko gogoeta" da.
Izenburu iradokitzailea du diskoak, Zerrautsa. Hain zuzen ere, baztertzen den hondakin materiala izaten da zerrautsa. Metafora honek norberaren izaeraren eraikuntzan eta esperientzia pertsonalen bitartez bizitako prozesuarekin bat egiten du.
Hamalau kantu ditu diskoak. Lehena, diskoaren izen bera duena, spoken word edo hitz esana du oinarri. Kateatu egiten zaitu lehen kantutik bertatik. Tilin-talan kantuan ere ezkilak ditu joka, eta Malen Erviti neskatoaren ahotsa. Ingelesezko izenburua duen Never be like her -en sorpresa, eta Arin-arin horren estuasuna. Bestetik, Haserre hauek kantuaren indarra, eta Ematen du inprobisazio ederra.
Soinu organikoak, elektronikoak, gitarra distortsionatuak, sintetizadoreak, eta vodecoderak erabili ditu lan honetan. Bere ahotsarekin ere jokatzen du, batzuetan samurrago, besteetan indartsuago... Gustu handiz jantzitako soinua du diskoak.
Kolaborazioa ere badu, euskal musikan hain ezaguna den musikari baten ahotsean, Natxo de Felipe hain zuzen ere. Inziartek beti jotzen du sustraietara, eta euskal kulturaren eta euskal musikaren erreferentziak ere txertatu ohi ditu, aldi berean, bide berriak jorratuz.
KONTZERTUAK
Lesaka - Martxoak 7
Arrasate - Martxoak 9
Gasteiz - Martxoak 13
Madril - Apirilak 11
Azpeitia - Apirilak 26
Iruñea - Apirilak 27
BEC (Izaroren aurretik) - Maiatzak 31