Onintza Enbeita

Onintza Enbeita https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/10/21
erreportajea
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkia: Karobiphoto
Onintza Enbeita
Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979) Espainiako Diputatuen Kongresuan ‘koño’ esaten bigarren pertsona eta lehenengo emakumea da. Barre algaraz zein amorru bizian ikusi dugu naturaltasun osoz, sekula ez baitu bere barrukoak azaleratzeko arazorik izan. Kartak eta budu panpin bat mahai gainean daudela, gutxi batzuek baino ez duten pribilegioz gozatzeko aukera izan dugu.



• Bertsolaria, kazetaria, politikaria, irakaslea, Rocio Juradoren musikazalea eta tarotista. Zein ordenetan?
Lehenengo Rocio Jurado zalea eta gero beste guztia. Tarotista ez dakit banaizen ala ez... Afizioa dut baina egiari zor, oraindik asko dut ikasteko.

• Zer du Rociok Gozategik ez duena?
Niretzako Rocio Juradoren letrak bizitzan egoteko jarrera bat dira. Beste batentzako punka bezala.

• Nolatan kartak botatzeko zaletasun hau? Sorgin bizkaitar arbasorik familian?
Eskozian hartu nuen afizioa han bizitako urtean, baina gure amamak bazekien hegan egiten ilargi beteko gauetan.

• Edonor izan daiteke tarotista?
Edonork uler dezake tarota eta ikasi dezake kartak interpretarzen, baina hori baino gehiago bada. Tarotak badu psikologiatik asko eta interpretatzen duen pertsonaren izaerak baldintzen du.

• Zertan dira lagungarriak kartak? Eta zertan kaltegarri?
Lagungarriak dira ezkontza eguna aukeratzeko, lan bati baietz edo ezetz esateko, maitaleak aurkezteko... Dena den, gauza guztietan bezala, obsesionatzen bazara eta zure bizitza baldintzatzen badute, utzi!

• Zeure buruari botatzen al dizkiozu kartak?
Neure buruari? Ezta pentsatu ere! Ni ez naiz batere pertsona orekatua eta arrazionala. Neure buruari botatzean, komeni zaidana ikusten dut.

• Sekula gorde edo samurtu izan al duzu kartetan azaldutako zerbait txarra?
Lagun artean botatzen ditut kartak, eta hor erraza da gauzak esatea. Halere, norbaitek maitasun toxiko bat badu, zaila da esatea "zure bikotekidea putakume bat da" eta horregatik, psikologia behar da. Zer esanik ez heriotza bezalako gaietan...

• Baina kartek etekinen bat emango dizute...
Ba bai. Batzuetan putada bat izaten da arrazoia izatea baina egia esan hori izugarri gustatzen zait. Arrazoia izatea da nire bizitzan gehien betetzen nauena, barre egin eta sexuaren atzetik.

• Zein izan da kartek aurreikusi duten eta gerora bete den egoerarik bitxiena?
Behin, kanariar batek esan zidan politikan sartuko nintzela eta Espainiako hiriburura bidaia asko egingo nituela...

• Nori bota nahiko zenizkioke kartak?
Asteburuan ea beste norbaitekin oheratu den galdetzera ausartzen ez naizen maitaleari!

• Elkarrizketa hau publikatzen denean EAEko haustekundeen emaitzak ezagutuko ditugu baina zer esaten dute kartek orain?
Politikaren lehen lerroa zuzenegia dela eta Euskal Herriko diskurtso politikoak desmelenea eta feminismoa faltan dituela.