Pabellon 6ko Gazte Konpainiak 'Komedia madarikatua' antzezlana eskainiko du Bilboko Arriaga Antzokian
Duela urtebete inguru estreinatu zuen Bilboko Pabellon 6ko Gazte Konpainiak Komedia madarikatua antzezlana eta berriz ere obra ikusteko aukera izango da Bilbon. Drama eta komedia uztartzen dituen antzezlana da, giza ergelkeria eta manipulazioari buruzkoa.
Tomas Afan Muñozen testuaren euskarazko egokitzapena Idoia Barrondok egin du. Saioa Iribarren zuzendariaren hitzetan, "Tomas Afan Muñozen gidoia zoragarria da, irakurtzen eta ikusten dudan bakoitzean are gehiago liluratzen nau, giza eta gizarte gatazkei, gerrari eta gaurkotasunari buruzko hausnarketa handia baitago bertan. Askotan barre egiten dut, nahiz eta drama guztia alfonbraren azpian egon".
Hala laburtu dute antzezlanaren nondik norakoa: "Lurreko arazoek kontu jainkotiarrak nahasten dituztenean, zerua eta infernuaren arteko borroka zaharrak ezusteko norabidea hartzen du". "Zentzugabekeriaren jolasa" dela adierazi dute.
Aktoreak honako hauek dira: Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sanchez eta Aitzol Villahoz Prieto.
Arriaga antzokiko emanaldia 19:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude www.teatroarriaga.eus webgunean eta antzokiko txarteldegietan.