PANTAILA HANDIAN: Carla Simon

PANTAILA HANDIAN: Carla Simon Bihotzetik jaiotako kontakizun hunkigarriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantaila-handian-carla-simon/@@download/image/PANTAILA_240_03.jpg
2023/07/05
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Bihotzetik jaiotako kontakizun hunkigarriak
PANTAILA HANDIAN: Carla  Simon

Bere kontakizun guztiak ERREALISMO eta naturaltasun harrigarriz bustiak daude, neorrealismo italiarraren kutsua dute guztiek, eta pertsonaiek jariatzen duten distirak eta indarrak pantaila zeharkatzeko gaitasuna dute. Carla Simon zinegilearen filmeetan, esaldi txikiz osaturiko egoera xumeek hausnarketa erraldoiak eragiten dituzte eta hori eskertzekoa da.

Nor da?
Kataluniar zinema zuzendaria eta gidoilaria da. Les Planes d’Hostoles-en hazi zen, Kataluniako herri txiki batean. Sei urte zituela, HIESaren gaitzak bere gurasoak eraman zituen, eta l’Empordà eskualdera joan behar izan zuen bizitzera osaba-izebekin eta lehengusina txikiarekin. Bizi-esperientzia latz hori izan zen Estiu 1993 filmaren oinarria, bihotzetik, arimatik, irtendakoa eta lehen pertsonan bizitakoa. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen 2009an, Kataluniako Telebistak antolatutako Kalitate eta Berrikuntza Telebistako Masterra burutu zuen 2010ean, eta London Film School-eko Master of Arts ondoren. Aurten Alcarrás film zoragarria estreinatu du.  

Zergatik ezagutu?
Egin dituen bi film luzeak, Estiu 1993 eta Alcarrás, maistralanak dira, harribitxiak, eta, gainera, katalanez filmatuak. Simonen obra guztia aztertuz gero, familiaren gaia ardatz nagusitzat erabiltzen duela konturatuko zarete. Estiu 1993-k ezohiko sentikortasun maila batetik, larritasuna, barrea eta negarra eragingo dizkizu. Haurtzaro gogor horren erradiografia egiteko, gainera, ez da sentimentaltasun errazean eroriko, zinemaren hizkuntzak eskaintzen dituen erreminta guztiak modu sotil eta oso eraginkorrean zukutzen baititu zinegileak. Aurten estreinatu duen Alcarrás-ek, berriz, zur eta lur utzi nau. Irudi eder horiekin liluratuta jarraitzen dut, eta pertsonaien magnetismo-hiperrealismo horrekin guztiz txundituta.

Ezinbestekoak:
- Alcarrás (2022).
- Estiu 1993 (2017).
- Las pequeñas cosas, film laburra (2014).
- Lipstick, film laburra (2013).


FITXA TEKNIKOA:

Izena: Carla Simón Pipó
Jaioterria: Les Planes d’Hostoles (Katalunia)
Jaiotza data: 1986ko abenduaren 29a
Ogibidea: Zuzendaria eta gidoilaria