Paul Urkijo 'Gaua' film luzea grabatzen hasiko da datorren urtearen hasieran
Gaueko elezaharren giroa pantaila handira eraman nahi du zinegileak.
Errementari eta Irati filmen ondoren, beste proiektu luze bat du eskuartean Paul Urkijo zinemagileak. Sitgeseko fantasiazko zinema jaialdiak bideratutako aurkezpenean iragarri du Gaua film luzea errodatzen hasiko dela 2025ean. Istorioa fantasiaren eta errealitate historikoaren artekoa izango da, baina oraingoan euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduko da, XVII. mendean girotuta.
Mitologiaren barruan gauarekin lotutako istorioak umetatik txunditu dute Urkijo. Bere asmoa hori pantailaratzea da, modu epikoan eta ikusgarrian. Ahoz aho transmititutako gaueko elezaharren eszena beldurgarri eta ederrak islatu nahi ditu filmean.
Hau da filmaren sinopsia: "Euskal mendiak, XVII. mendean. Sorgin ehiza betean, Kattalin baserritik irtengo da gau batez, senarrarengandik ihesi. Baso ilunean galdurik, zerbait atzetik daukala igarriko du. Bide horretan, hiru emakume maitagarri topatuko ditu, arropa garbitzen ari diren bitartean beldurrezko ipuinak kontatzen eta herriko esamesak komentatzen dituztela. Harrituta, Kattalin konturatuko da esamesa horietako batzuk berari buruzkoak direla".
Urkijok 2025eko urte hasieran ekingo dio errodajeari, Euskal Herriko hainbat txokotan.
Xanti Rodriguezen 'Gizaki' lana Sitgesen
Paul Urkijok bere proiektuaren berri eman du Sitgesen, baina beste euskal zinemagile batek ere badu lotura jaialdiarekin. Xanti Rodriguezek Gizaki izeneko animaziozko film laburra aurkeztuko du jaialdian, azaroan. Rodriguezek idatzi eta zuzendu du eta Azpeitian ekoiztu dute. Xanti Agirrezabala azpeitiarra izan da aktore nagusia, eta jantzi berezi baten bidez irudikatu ditu pertsonaiaren mugimenduak. Gerraren ondorioak umeek pairatzen dituztela islatu dute lanean.