Paulino Uzkudun: Aizkolaritzatik boxeora

Paulino Uzkudun boxeolari handia 1985eko uztailaren 5ean hil zen, Madrilen. Bere indar harrigarriari esker, errezildarrak mundu osoan lortu zuen arrakasta. 1935ean hasi zen bere gainbehera, Joe Louis iparamerikarraren aurkako borrokaldi baten ondoren.


Errezilgo (Gipuzkoa) Gurutze baserrian jaio zen Paulino Uzkudun, 1899ko maiatzaren 3an. Aizkorari ekin zion boxeoan hasi aurretik, eta aizkolari gisa izen handia lortu zuen arren, boxeo munduan murgildu zen 1923 urtean. Uzkudunek azkar lortu zituen lehen garaipenak; eta urtebete besterik ez zuen behar izan Espainiako Txapelketa irabazteko.

Europako txapelduna

Espainiako Txapelketa irabazi ondoren, Europako boxeolariak garaitzeko txanda iritsi zitzaion Uzkuduni; bi urteren buruan, Europako Txapelketa irabazi zuen. Bartzelonan izan zen norgehiagoka hura, eta Erminio Espala italiarra garaitu ondoren, Euskal Herrira itzuli zen. Donostiara heldu zenean, Txirrita bertsolariak bertso batzuk bota zizkion Europako txapeldun berriari. Hona hemen horietako bat:

Gipuzkoa'ko Errezill'ena,
Gurutze'n jaio ta asiya,
obekiyago jakitiatik,
Paulino Uzkudun graziya;
oraiñ iru urte San Juanetan
zan boziuan asiya,
garai onetan bere mendian
dauka Europa guziya.

Europako boxeolari onena zela erakutsi ondoren, 1927 urtean, Ameriketako Estatu Batuetara salto egin zuen Paulino Uzkudunek. Urte horietan, boxeolari garrantzitsu askoren aurka lehiatzea egokitu zitzaion: besteak beste, Harry Wills, Johnny Risko edota Max Schmeling izan zituen aurkari. Munduko Txapelketako finalerdietara iristea ere lortu zuen.

Joe Louisen itzala

Bere garaian, Paulino Uzkudun munduko boxeolari onenetariko bat izan zen, zalantzarik gabe. Hala ere, 1935ean, Joe Louis boxeolari bikainaren aurka lehiatu zen, eta orduntxe hasi zen errezildarraren gainbehera: Joe Louisek ukabilkada bortitzak eman zizkion errezildarrari, eta K.O utzi zuen Uzkudun. Uzkudunen ibilbidean, lehen K.Oa izan zen hura.

Handik sei urtera, 1941ean, Paulino Uzkudunek azken borroka jokatu zuen. Ondoren, erretiroa hartu eta Madrilgo etxean jarri zen bizitzen. Hain zuzen, ring-ean erakutsitako indarra goraipatu arren, horixe izan zen euskaldun askok Uzkuduni sekula barkatu ez zioten kolpe mingarria: frankisten alde hartutako jarrera, alegia. Paulino Uzkuden 1985ean hil zen, 86 urte zituela.