Pelax: Rocka bizirik dago

Pelax: Rocka bizirik dago Atzo Egiako Gasteszenan Pelax taldeak zuzeneko musikaren handitasuna berretsi zuen eta publikoak berotasunez erantzun zuen "sold out" kartela eskegiz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pelax-rocka-bizirik-dago/@@download/image/IMG_6098.JPG
2019/12/02

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei
Argazkiak: Jon Iraundegi eta Amaia Aiama

Atzo Egiako Gasteszenan Pelax taldeak zuzeneko musikaren handitasuna berretsi zuen eta publikoak berotasunez erantzun zuen "sold out" kartela eskegiz.
Pelax: Rocka bizirik dago

Oholtza boxeoko ringa bailitzan aulkiez inguraturik aretoaren erdian kokatzen zen. Agertokiko alfonbra gorria fokuekin sortutako P L X hizkiek apaintzen zuten. Apurka ringaren inguruan kokatzen hasi zen publikoa, riffen arteko lehiak ikusteko gogotsu. Zaratarik egin gabe hurbildu ziren lau musikariak oholtzara, publikoa adi, musikarien mugimendu guztiak behatzen. Rocka bizirik mantentzeko borroka hasi zen.

2019ko urte honetan argitaratutako proiektu berezia aurkeztea zuen helburu Unai Pelayo buru duen taldeak. Rock progresibo itxuran planteatzen den proiektua streaming kulturaren hausnarketatik sortu zen. Egungo entzunaldi inoiz baino azalekoagoen aurrean taldeak 20 minutuko kantuak eskaintzen ditu. Udaberrian AB deitutako 20 minutuko piezetako lana argitaratu zuen talde donostiarrak eta oraintsu formatu berean DE aldeak argitaratu ditu. Behin proiektuak osotasuna eskuraturik, hauek zuzenean formatu berezian aurkeztu nahi izan zituzten atzo.

Galtzen ari den sentsibilitate artistikoa da abestiari arreta jartzea, inongo euskarriren laguntzarik gabe musikaz gozatzea. Egun nor da gai 20 minutuz akorde segida bati bere arreta osoa eskaintzeko? Informazio bila irudi edo Googlera joan gabe abestiak exijitzen dion hori ulertzeko ahalegina egiteko?

Ideia hauek zuzenera eramateko musikariek izerdia pasio bilakatu zuten, modu progresiboan, rockak eskaintzen dituen emozioak akordetan jarriz. Musika txalo zaparrada bilakatzea lortu zuten, publikoaren buruak etengabe mugitzen zituzten bitartean. Ez ziren bakarik egon ordea, Maitane Legarreta argazkilaria eta Iñaki Rifaterra margolaria ere izan ziren eurekin, musikak eragiten zien zirrara hori argazki eta margoekin adieraziz.

Horrela, taldea jotzen ari zen bitartean, Legarretaren argazkiak igarotzen joan ziren apurka apurka, horren gainean, Rifaterrak litografia bat sortzen zuen bitartean. Donostiarren musikak iradokitzen duen anabasa hori ederki islatu zuen Rifaterrak bi kolore erabiliz: zuria eta beltza. Akordeek eskaintzen zizkioeten emozioak jarraituz, orain beltz gehiago erabiltzen zuen, orain zuri gehiago, erdigunean grisa gailenduz. Benetako musikak bizitzaren dualtasuna ezin baitu ezkutatu, emozioen korapilo alrebesak islatzeko tresna bilakatzen delarik. Rifaterrak ederki jaso zuen hori irudi batean.

Kontzertuaren erdialdean ordea, pausa bat ere egon zen. Bitarte horretan Malen Otxoak grabaketa prozesuko irudiekin prestatutako bisual bat ikusi ahal izan zen. Irudi horiek ere ederki agertzen zuten taldeak musika sortzerako garaian duen askatasuna, erakutsiz guztiaren atzean egon diren esfortzu, lan eta ilusioak. Zer hausnartu ematen zuten irudiak ziren. Kantuak pare bat aldiz entzun eta hauek berehala ahazteko joera duen gizarte honetan ezinbestekoa iruditzen baitzait erakustea disko bat sortzeko garaian atzean dagoen lan guztia. Askotan lan hori gainera, jatekoa eskuratzeko musikariek dituzten ohiko lanekin uztartzen baitira, horrek dakartzan neke eta frustrazio guztiekin.

Beraz, mimoz sortutako horrelako proiektu bereziek argia ikustea mirari txikiak dira eta hori ospatu beharra zegoen. Festa giroa zen bederen taldekideek helarazten zutena, egiten ari zirenaz zuten fede itsua begi-bistakoa zen eta euren mugimendu bakoitzean frogatzen zuten zenbat ari ziren gozatzen. Musikariak guztia ematen ikustean ezinezkoa da publikoak ez gozatzea. Horrela, publikoa adi egotetik abestietako pasarte batzuk txaloen bidez laguntzera igaro zen, erakutsiz musikak, eta batez ere rockak, zentzua benetan partekatzen denean duela.

Musika zintzotasunez eta gogoz jotzen denean ez da aparteko apaindura bisualik behar, musikak ez baitu azaldua izan behar, gutxiago ulertua, hitzez jarri ezin daitezkeen emozioak helarazteko tresna besterik ez da, hori guztia da. Nork esan du rocka hiltzear dagoela? Atzo garaile atera zen, oraindik borrokan jarraitzeko prest.