Playstation-ak 30 urte bete ditu!
Munduko bideojoko kontsolarik ezagunenetako batek 30 urte bete ditu. Sony-ren Playstation agertu aurretik Sega eta Nintendo kontsolak ziren jaun eta jabe.
1994ko abenduaren 3an, ordea, guztia aldatu zen. Playstation-en lehen kontsola saldu zen Japonian eta berehala arrakasta izugarria izan zuen mundu osoan zehar, bereziki helduen artean.
Playstation-en sorrera Sony eta Ninendo-ren arteko akordio batekin hasi zen. Sony Walkman-aren (gaztetxoentzat azalpena: CD-ak entzuteko aparailu eramangarria zen) asmakizunarekin arrakasta izaten ari bazen ere, Nintendo zen 1990ean merkatuko liderra.
Bada, bi enpresa arrakastatsu hauek Super Nintendo kontsolarako CD irakurgailu bateragarri bat merkaturatzeko elkartu ziren. Ez zen aliantza aurrera atera ordea eta proiektua bertan behera geratu zen, Nintendo, azken momentuan Philips erakundearekin elkartu zelako.
Sony-k, kalabazak jaso zituela ikusita, bere kabuz kontsola bat sortzeari ekin zion eta Playstation-ak dena aldatu zuen: hardware-a, software-a, banaketa eta marketina. Traizio honi esker, bideojokoen historia betiko aldatu zen.
Playstation-agatik kirol, borroka eta lasterketa jokoek gero eta ospe handiagoa lortu zuten. Sortzaileek Sony-ren kontsolaren alde egin zuten, bere teknologia berriarekin esperimentatzeko aukera ikusi baitzuten. “3D sukarra” sortu zen, eta horren ondorioz, egun klasikoak direnak jaio ziren, hala nola Tomb Raider (1996), Resident Evil (1996) eta Final Fantasy VII (1997).
Sony-k bere markak gainditu zituen eta 102 milioi unitate baino gehiago saldu zituen. Erakundearen hastapenetako helburua milioi bat kontsola saltzea zen, garapen-kostuak estaltzeko. Egun, jada, kontsola ospetsuak bere bosgarren belaunaldia kaleratu du.
Azaroaren hasieran, Sonyk PlayStation 5 kontsolaren bertsio Pro indartsuago bat merkaturatu zuen, baita jatorrizko kontsolaren gris koloreari omenaldia egiten dioten edizio mugatuko produktu bat ere.
Ikusi beharko da, ordea, horren indartsu jarraituko ote duen. Izan ere, etorkizunean kontsolen merkatua mehatxupean egon liteke, internet bidezko jokoen streaming-a gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari delako.