RedNote, TikTok-aren alternatiba Estatu Batuetan

RedNote, TikTok-aren alternatiba Estatu Batuetan Txinatarren aplikazio honek erabiltzaileak irabazi ditu azken asteotan estatubatuarren artean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rednote-tiktok-aren-alternatiba-estatu-batuetan/@@download/image/RedNote-aoo-900x505.png
2025/02/03

Testua: Maitane Legarreta
@mailegetx

Txinatarren aplikazio honek erabiltzaileak irabazi ditu azken asteotan estatubatuarren artean.
RedNote, TikTok-aren alternatiba Estatu Batuetan

TikTok-ek Estatu Batuetan izandako gorabeherak direla medio, zerbitzurik gabe ere geratu ziren tarte batez, estatubatuar askok beste plataforma batera jotzeko hautua egin dute. Xiaohongshu du izena aplikazioak, txinatarra da, eta Estatu Batuetan Rednote deitzen diote. Txinatarrentzat diseinatutako aplikazioa izanik ere, gero eta deskarga gehiago ditu herrialde amerikarrean. App Store-n lehen postua lortu zuen, 32,5 milioi erabiltzaile hain zuzen ere. 

Sare sozial txinatarra 2013an sortu zuten, eta Instagramen antz handiagoa du. Bizitza estiloarekin lotutako aplikazioa da, eta bertako edukietan bidaiak, moda edota makillajearekin lotutako aholkuak daude. TikToken bideo azkar, bixi eta laburrak izan ohi dira nagusi, eta hemen, berriz, erabiltzaile bakoitzaren interesaren araberako edukiak gomendatzen dira, influencerren bideoak edo joera nagusienak gailendu beharrean. Hain zuzen ere, erabiltzaile batzuek bertako freskotasuna nabarmendu dute, ez dela hain komertziala, eta bertako sormena anitzagoa dela.

Honek zubi bat ere eraiki du txinatar eta estatubatuar erabiltzaileen artean, eta euren herrialdetan egunerokoa nolakoa den ikusten ari dira, eta bakoitzaren kulturaren hainbat ezaugarri. Horren ondorioz, inoiz konektatu gabeko jendearekin elkarreraginean aritzeko aukeratzat jo dute batzuek.

TikTok itzultzeak Rednoten erabiltzaile berrien gorakada murriztu du, baina oraindik ere bada bertako edukia deskrubitzen ari den jende berria. Aplikazioaren arrakasta, bere mugetatik harago, interfazea egokitu eta mundu mailako erabiltzaile anitzagoetara iristeko gaitasunaren araberakoa izango da.