Research Associate programa abiatu du Ikerbasquek

Ikertzaile gazteen karrera kontsolidatzeko egitasmoa da eta 10 urte inguruko esperientzia duten 60 ikertzaile gazte dira ekimen honi atxiki dakizkiokeenak, 13 herrialdetatik etorritakoak.

Gaur egun Ikerbasquek 60 ikertzaile ditu kontratatuta, bost urteko iraupena duten kontratuekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren euskal sarearen baitako unibertsitate nahiz ikerketa zentroetan lan egiteko. Research Associate programak, hain justu, ikertzaile hauei euren karrera bertan garatu dezaten bide eman nahi die, bide batez Euskal Zientzia Sistema indartzeko.

Ekimen hau beren-beregi diseinatuta dago, bost urtez balioa frogatu duten zientzialari hauek epe luzeagoko jarraipena eman ahal diezaioten ikerketari. Gehienak (%44) zientzia esperimentaletan trebatuak izango dira, %17 gizarte eta giza zientzietako espezialistak dira, %12 teknologia nahiz matematika adituak, eta gainerak %27 bizitza edo medikuntza zientzietakoak.

Horretarako, Research Fellow-ei (ikertzaile gazteei) kontratuaren laugarren urtean ebaluazio batera aurkezteko aukera eskainiko zaiei. Kanpoko ebaluazioa izango da, Ikerbasqueko batzorde zientifikoak kudeatutakoa. Ebaluazioa gainditzen duten ikertzaileek Research Associate erako kontratua lortuko dute, eta hiru urtez behin beste bi ebaluazio gainditzen badituzte, Euskadin era iraunkorrean lanean diharduten Research Professor edo ikertzaile kontsolidatuen kategoriara igaroko dira. Honela, Ikerbasquek bikaintasun erizpide jarraituz ikertzaile karrera Euskadin egiteko dagoen eskaintza profesionala osatuko du.

Eskaera guztiak ebaluatzeko, meritu zientifikoarekin, bikaintasunarekin, lidergoarekin, heldutasun zientifikoarekin eta independentzia intelektuarekin lotutako irizpideak hartuko dira oinarritzat. Ebaluazioak nazioarteko komunitate zientifikoko kideek egingo dituzte (29 herrialdetako 200 ikertzailek). Prozesu osoa, ospe handiko sei katedradun eta ikertzailek osatutako Ikerbasqueko ebaluazio batzordeak koordinatuko du.