Robert Thomas-Pattinson : Galai zurbila

Robert Thomas-Pattinson : Galai zurbila https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Robert Thomas-Pattinson : Galai zurbila
Letagin zorrotzak eta aurpegi zurbila betidanik izan dira nerabeen fantasietan kilikagarri. Bada, fan fenomenoa inoiz baino hormonatuago dagoen garai honetan, Tom Cruisek eta Brad Pittek badute oinordekoa: Edward Cullen banpiroaren azalean sartu denetik, onddoak bailiran ugaritzen zaizkio ezkongaiak Robert Pattinsoni. Ikasleen paper-zorroetan leku pribilegiatua eskuratu du Pattyk, Megan Foxen alboan. Ez dute alferrik Jude Law berri izendatu.
Harry Potter and the goblet of fire (2005) ilunean bihurtu zen ezagun Pattinson jauna, Cedric Diggory magia ikaslearen rolean. Eta hamarkadako literatura fenomenotik, haren oinordekora. Stephenie Meyer idazlearen Twilight sagako lehen lau eleberrien 200 milioi ale baino gehiago saldu dira mundu zabalean. Horrela, 3.000 hautagairen artean Edward Cullen banpiro sentiberaren papera eskuratuta, aktore britainiarrak milioika irakurleren ametsetako mutilari aurpegia eta gorputza jarri dizkio; fikzioan ezin atera eguzkitara eta benetako bizitzan ezin kalea zapaldu.
Hilezkortasunaren zama partekatzeko hautagairik ez zaio falta orain Pattinsoni, baina protagonistak berak adierazi duenez, lagunen telefono zenbakiak ere ez ditu segapotoan. Hollywoodeko marmarti profesionalek, ordea, ez diote gauza bera. Antza denez, banpiroaren eta Bella ederraren zeluloidezko musuak benetako pasio bihurtu dituzte Pattinsonek eta Kristen Stewart lankideak. Gidoiari jarraituz, baina, "lagun onak" baino ez direla diote.
Eta gidoiak ez du oraingoz 180 graduko birarik emango, ez baitago film baten zakua puzteko protagonisten maitasun zurrumurruak bezalakorik. Sagako bigarren filma, New Moon (2009) oraindik Euskal Herriko zinema aretoetan ikusgai dago, eta hirugarrena, Eclipse, 2010eko ekainean estreinatuko dute.
Nortasun Agiria:
Jaioteguna: 1986-V-13
Jaiolekua: Londres (Ingalaterra,
Erresuma Batua)
Ezizena: Patty
Neska-laguna: Kristen Stewart
aktorea (nahiz eta ez duten ofizial egin)
Aktore kutunena: Jack Nicholson
Musikari gogokoenak: John Lee Hooker eta Elmore James blues abeslariak
Film maiteena: Willow (Ron Howard)
Gustuko kirolak: Dardoak eta billarra
Futbol talde kutuna: Arsenal
Edari estimatuena: Diet Coke
Maite du: Pianoa jotzea eta Nike
zapatilak
Gorroto du: Ilea garbitzea