ROBERTO ETXEBERRIA: “Eibar bezalako hiri batean bizi izanak hankak lurrean mantentzen lagundu dit”

ROBERTO ETXEBERRIA: “Eibar bezalako hiri batean bizi izanak hankak lurrean mantentzen lagundu dit” Amaren abizena marka bihurtu du Roberto López Etxeberriak (Eibar, 1976). Jostorratza erabiltzen hasi aurretik bestelako metalak izan ditu eskuartean. Izan ere, iturgin eta fundizio lanetan ibilitakoa da Bartzelonan bizi den eibartarra. Bere larruzko jantziek Madril eta New Yorkeko pasareletan desfilatu dute eta iaz ‘The Hunger Games’ filmeko jantzitegia diseinatzeko proposamena jaso zuen. Gaurkoan armaginen herriko taska txiki batean elkartu gara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/roberto-etxeberria-201ceibar-bezalako-hiri-batean-bizi-izanak-hankak-lurrean-mantentzen-lagundu-dit-eta-gaur-egun-betetzen-nauen-jendearekin-baino-ez-dut-harremanik-izaten201d/@@download/image/ROBERTO_ETXEBERRIA_ARG6318.jpg
2017/04/12
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Argazkiak: Galder Izagirre

Amaren abizena marka bihurtu du Roberto López Etxeberriak (Eibar, 1976). Jostorratza erabiltzen hasi aurretik bestelako metalak izan ditu eskuartean. Izan ere, iturgin eta fundizio lanetan ibilitakoa da Bartzelonan bizi den eibartarra. Bere larruzko jantziek Madril eta New Yorkeko pasareletan desfilatu dute eta iaz ‘The Hunger Games’ filmeko jantzitegia diseinatzeko proposamena jaso zuen. Gaurkoan armaginen herriko taska txiki batean elkartu gara.
ROBERTO ETXEBERRIA: “Eibar bezalako hiri batean bizi izanak  hankak lurrean mantentzen lagundu dit”

28 urte zenituela Bartzelonara joan zinen moda ikastera eta lau urte igarota pasarelen gainean zeunden dagoeneko...
Bai, gauza asko gertatu dira denbora gutxian. Izan ere, moda ikasi ahal izateko eskola-graduatua, 25 urtetik gorakoentzako unibertsitaterako sarbidea eta selektibitatea egin behar izan nituen. Ondoren, ikasketak Serguei Povaguin diseinatzaile errusiarraren tailerrean egiten nituen laguntzaile lanekin bateratu nituen. Sekulako zortea izan nuen.


Halako aukera batek ate asko zabalduko zizkizun...
Egia da sormen prozesuaren ikuspegitik bereziki, mundu berri bat ireki zitzaidala; lanbidearen erraiak ezagutzeko aukera izan nuen, pasarelara iritsi bitarteko prozesu osoa ikasi nuen. Azken batean diseinatzailea proiektu baten irudia baino ez da eta atzean ekipo oso bat aritzen da jo eta ke lanean. Ekiporik gabe, ez dago ezer.


Lantaldea garrantzitsua da baina zure alde apustu egiten duen norbait egoteak ere laguntzen du ezta?
Erabat, azken batean moda industria bat da, ez photocall hutsa; kanpotik dirudiena baino askoz konplexuagoa da mundu hau. Bidean geratu den talentu handiko jende asko dago eta norbaitek bere konfiantza zuregan jartzeak asko laguntzen du.


Zer da larrua zuretzat?
Nahiko polemikoa bada ere, munduko material zoragarrienetakoa dela iruditzen zait; noblea, fina eta dotorea: krokodiloa, arkume-larrua, pitoi-sugea... Ileekin gauza bera gertatzen da, niretzat ez dago alpaka edo kaxmirra baino gauza hoberik. Historiaurreko gizakiek biziraun zuten animalien larruei esker, bestela hotzak akabatuko zituen!


Zergatik jo behar dugu etxetik kanpo Etxeberria bat topatzeko?
Nire marka nazioartekotzen saiatzeko mugitu naiz atzerrian. Leku pila batean desfilatu dut: Bogota, Lima, Praga, Viena, New York... Moda globala da, ez herrialde jakin bati lotutako zerbait. Gainera, hemen inork ez ditu nire diseinuak erosten; moda azoketan erosleek prezioei asko begiratzen diete eta dagoeneko sendotuta dauden markak nahiago dituzte. Ez dira marka berrien alde egitera ausartzen.

[...]

Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, kioskoetan aurkituko duzu apirileko GAZTEZULO; laster, edizio digitalean!

ROBERTOREN KUTTUNAK

Hiri bat: New York, Tokio eta Donostia
Eguneko momentu bat: Egunsentia
Ehun bat: Artilea
Abesti bat: Ash Black Veil (Apparat)
Jantzi bat: Alexander McQueenek bere azken desfilean eraman zuena
Maniki bat: Juanita Burga edo Sebastian Sauve
Ezinbesteko arropa: Beroki bat