Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria
Irailaren 12an Hendaian izango den ekitaldian egingo zaio aitortza musikari oñatiarrari.
Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslariari emango diote Abadia Saria irailaren 12an, Hendaiako Abadia jauregian egingo den ekitaldian. Berrogei urteko ibilbidea eta euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpen “jori eta agortezinagatik” egingo diote aitortza.
Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariaren hitzetan, “bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari”.
Euskal kantagintza berrian egindako berrikuntza ere nabarmendu du: “Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari. Bakarka zein taldean, rocka nahiz kantu tradizionala uztartu ditu, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkarlanean aritu da, literatura eta artearekiko zubiak landu ditu eta hainbat eta hainbat kultur ekimenetan parte hartu du”. Azken hamarkadetako "kultur erreferentzia nagusien artean" kokatu du Ordorika, eta “lan guztietan sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera zaindu eta aberasteko erakutsitako pasioa" azpimarratu du.