Sare sozialetako erabiltzaileen ehuneko zenbatek ez du klik egiten albisteen loturetan partekatu aurretik?

Egunero hainbat eduki zabaltzen dira sarean, baina haien egiazkotasunaren inguruko arrastorik izaten al dugu?

Estatu Batuetako Pennsylvania estatuko unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, sare sozialetako erabiltzaileen %75ak ez ditu edukiak irakurtzen partekatu aurretik. Jokaera honek albiste faltsuen zabalkundea errazten du eta, hori dela eta, uste baino garrantzi handiagoa du.

Nature Human Behaviour gunean publikatu dutenez, 2017tik 2020ra Facebooken izandako 35 milioi publikazio aztertu zituzten ondorio honetara iritsi aurretik. Erabiltzaileen %75ak loturan klikatu gabe partekatu zuen edukia, eta albiste faltsuen 41 milioi partekatze identifikatu zituzten. Politika kontuekin ez ezik, zenbait gertakariren inguruko informazioarekin ere gertatzen da, hala nola hondamendiei buruzkoekin.

Ikerketaren arabera, sare sozialetako erabiltzaileek titularrak eta deskribapen laburrak soilik hartzen dituzte aintzat edukiak partekatzeko garaian, informazio osoan sakondu gabe. Joera hau nabarmendu egiten da partekatutako eduki politikoak erabiltzailearen ideologiarekin bat egiten duenean. Ikerketaren egile nagusiak,  S. Shyam Sundar-ek, azaldu duenez, sareko beste erabiltzaile batzuek eduki hori egiaztatu dutela pentsatzen dute gehienek, baina datuak ikusita, sarritan ez da halakorik gertatzen. 

Ikertzaileek plataformek neurriren bat hartzea proposatzen dute, esaterako edukia irakurri dela baieztatzea partekatu aurretik.