Seme-alaba bakarraren mitoa gezurtatzen
Anai-arrebarik gabeko seme-alabek ospe txarra dute. Askok pentsatzen dute berekoiak direla, apetatsuak eta bakartiak. Hain da horrela, Granville Stanley Hallek, pasaden mendeko psikologorik garrantzitsuenetakoak adierazi zuen “seme-alaba bakarra izatea gaixotasun bat dela bere horretan”.
Bada berri onik ere ordea, ordutik psikologiaren esparrua egoera hobetzen saiatu baita. Azkeneko saiakera-ikerketa baten ondorioen arabera seme-alaba bakarrak ez dira anai-arrebak dituztenak baino nartzisistagoak. Ikerketa honi izenburu bezala “Estereotipo baten amaiera” jarri diote, atera kontuak. Haatik, oraindik estereotipo ugari daude seme-alaba bakarraren inguruan. Ikus dezagun zer dioten ikerketa zientifiko ezberdinek.
Nortasunaren garapena aztertzen badugu ez dago ezberdintasunik anai-arrebak dituen edo ez dituen pertsona baten artean. Biak izan daitezke kanporakoiak edo barnerakoiak. Are gehiago, ikusi denez, seme-alaba bakarrek motibazio gehiago izan ohi dute eta egokitzeko gaitasun handiagoa anai-arrebak dituztenen aldean.
Seme-alaba bakarren motibazio handiago honek azaldu dezake ikasketetan urte gehiagoz aritzeko nahia eta formazio akademiko handiagoa edukitzea, edota prestigio gehiagoko lanpostuak lortzeak anai-arrebak dituztenekin alderatuz. Hori diote ikerketek bederen.
Beste zenbait ikerketek adierazi dute seme-alaba bakarrak azkarragoak izateko joera dutela eta akademikoki emaitzak hobeak lortu ohi dituztela. Seme-alaba bakarrek baino puntuazio hobea lortu zuten bakarrak anai-arreba zaharrenak edo anai-arreba txiki bakarra zutenak izan ziren.
Hala ere, aipatu beharra dago inteligentzia mailan dagoen diferentzia hau ume direnean azaltzen dela, aurre eskolan, baina adinean aurrera egin ahala gutxitzen joaten da ezberdintasuna eta unibertsitate garaian jada ez dago alderik.
Anai-arrebak dituztenen eta ez dituztenen osasun mentala ere alderatu izan da eta emaitzak anitzak izan dira. Hala ere, oro har, ez dago ezberdintasunik bi taldeen artean antsietate, autoestimu edo jokabide arazoei dagokienez.
Askok pentsatzen dute seme-alaba bakarrak bakartiak direla eta arazoak dituztela lagunak egiteko. Ikerketen arabera ordea, frogatu da seme-alaba bakarrek lagun kopuru berdina dutela aurre eskolan anai-arrebak dituzten umeekin alderatuz.
Hobea al da seme-alaba bakarra izatea?
Emaitza hauek aztertzen badira, ikus daiteke anai-arrebak edukitzeak edo ez ez duela eragin handiegirik gure nortasunean edo gaitasun sozial eta kognitiboetan. Are gehiago dio zientziak, hau da, diferentziarik balego honek seme-alaba bakarren alde jokatuko lukeela alegia. Zergatik ordea?
Anai-arrebak dituzten pertsonek ez bezala, seme-alaba bakarrek ez dute inorekin lehiatu beharrik gurasoen arreta, maitasuna eta baliabide materialak eskuratzeko. Beti pentsatu izan da horrek ondorio negatiboak dituela, baina hain justu, konpetentzia falta hori abantaila bat izan liteke.
Beraz, kontuan hartuta seme-alaba bakarreko familien gorakada etengabekoa dela, bada garaia hauek estigmatizatzeari uzteko eta seme-alaba bakarra edukitzea erabakitzen duten gurasoak ez epaitzeko. Ikerketa guztiek aho batez diote: seme-alaba bakarrak anai-arrebak dituztenak bezala hazi eta garatzen dira.