'SEXTING', BERO ETA MIN
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek ondorioztatu du 'sexting'-a egiten duten nerabeek edo maitasun erromantikoaren mitoak barneratuen dituztenek, probabilitate handiagoa dutela bikote barruan ziberjazarpena egiteko edo jasateko.
Sare-sozialen sorrerarekin batera jazarpenerako bide berriak bilatu dira, baita harreman sentimentaletan ere, eta ikerketek diotenez, hau mundu osoan zabaltzen ari den fenomenoa da.
Sexting-a, bide digitalen bidez eduki erotikoak bikotekideari bidaltzean datza. Hau egitearen helburua kitzikapena izaten da. Maiz bikotekidearen berotzea bilatuko da, baina aldi berean berotze pertsonala sor dezake, besteak sentituko edota egingo duena pentsatzeak piztu ahal gaituelako.
Bide hau gozatzeko beste modu bat izan daiteke, eta zenbait praktiketan infekzio edota planeatutako haurdunaldiaren arriskua dagoen moduan, sexting-a egitean zabaltzeko arriskua dago eta ezin dugu hori ahaztu, beraz, arriskuak ekiditeko neurriak hartu behar dira. Lehen neurria konpromiso pertsonala da. Pertsona batekin gozamena partekatzen dugunean, gure arteko zerbait da, gure intimitatea.
Historikoki gertatu izan da, ordea, bikote bat apurtzean, batez ere batek hartzen duenean erabaki hori, bestea minduta sentitzea. Eta min hori ateratzeko bide okerrak hartzen dira askotan, bestearen kontra egiteko bideak hain zuzen. Eta emakumeon sexualitatea gure kontrako arma gisa erabili izan da. Maitatuak ala gustokoak izatean, gure desioa, kitzikapena eta plazera baloratua da, baina harremana apurtzean, hori bera mintzeko erabili ohi da.
"Indarkeriak bide berriak baliatu ditu eta kasu askotan ideia pozointsu hauetan oinarritutako indarkeria fisikoa edota psikologikoa arlo analogikoan ematen bada, hori erraz zabaldu da arlo digitalera"
Nerabeek sexting-praktiketan generoaren arabera dituzten rolak ere aztertu ditu ikerketa batek, eta emaitzek erakusten dute mutilek gehiago egiten dutela sexting pasiboa, alegia, ohikoagoa da haiek eduki sexuala eskatzea eta jasotzea, eta neskek sortzea eta bidaltzea. Honek historikoki jasotako mezuari erantzuten dio, zeinetan gizonezkoak desiratu dutenak diren eta emakumezkoak desiratuak, beraz, askok besteen desioa pizteko egiten dute, beraiengan desioa pizten duen aintzat hartu gabe.
Ikerketak maitasun erromantikoaren inguruko azterketa ere egin du eta ezberdintasun esanguratsuak azaleratu ditu sexuen arabera. Adibidez, “jelosia maitasunaren seinale da”, “maitasuna eta abusua bateragarriak dira”, “maitasunak edozer gainditu dezake” eta abar. Emaitzek erakutsi dute mutilek gehiago onartzen dituztela maitasun erromantikoaren mitoak, eta barneratuago dituztela; eta, ikerketaren arabera, sinesmen horiek eragina dute bikoteko ziberabusuan. Zenbat eta gehiago sinetsi maitasun erromantikoaren mitoak, orduan eta handiagoa bikoteko ziberindarkerian nahasteko aukera. Sinesmen hauek eta baita ziberjazarpena ere, edozein bikotetan gerta daiteke, baina neska-mutilez osatutako bikoteetan arruntagoak dira, genero-estereotipoen indarragatik.
Esan bezala, indarkeriak bide berriak baliatu ditu eta kasu askotan ideia pozointsu hauetan oinarritutako indarkeria fisikoa edota psikologikoa modu analogikoan sortzen bada ere, hori arlo digitalera erraz zabaldu da.
Ikerketaren autoreen iritziz, “emaitzek nabarmentzen dute zeinen garrantzitsua den prebentzio-programetan mito horien analisia txertatzea, nerabeek uler dezaten nola eragiten duten beraien harreman intimoetan. Uste dute komeni dela, orobat, harremanetan abusuzko edozein jokabide identifikatzeko estrategiak lantzea, hala offline nola online, jardun birtualen berezitasunak aintzat hartuta. Haien ustez, gainera, inportantea da nerabeek Internet segurtasunez erabiltzen ikasteko indarrak jartzea. Prebentzio-programa horiek oso txikitatik aplikatzea gomendatzen dute, lehen harreman sentimentalak gero eta goizago izaten direlako eta ondorengo harremanetarako oinarriak ezartzen dituztelako”.
Ikerketaren datuek agerian uzten dute Sexuen Heziketa Integrala ezinbestekoa dela, honek emango baitizkie ume eta gazteei jazarpenaren aurrean beharrezko tresnak. Gorputz eta desiren ezagutza, aniztasunarekiko errespetua, maitasun erromantikoaren sinesmen okerrak, emozioen kudeaketa, harreman positiboen alderdiak, auto-zaintza eta besteekiko zaintza, adostasuna, enpatia…
Sexuen Heziketak prebentzio lana egiten du, baina arriskuetan soilik oinarritu ordez, sexualitatearen alde positiboak landuz lortzen ditu ongizatea eta prebentziorako baliabideak.