Sexua maiztasunez praktikatzeak dituen onurak

Sexua maiztasunez praktikatzeak dituen onurak Sexua esperientzia atsegina da, izan bakarka edo norbaitekin. Gainera, izugarrizko komunikazio tresna ere izan liteke sentimendu konplexuak transmititzeko eta harreman batean lotura estuak finkatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-maiztasunez-praktikatzeak-dituen-onurak/@@download/image/pexels-mizuno-k-13771305.jpg
2024/02/12
Sexua esperientzia atsegina da, izan bakarka edo norbaitekin. Gainera, izugarrizko komunikazio tresna ere izan liteke sentimendu konplexuak transmititzeko eta harreman batean lotura estuak finkatzeko.
Sexua maiztasunez praktikatzeak dituen onurak

Asko idatzi eta hitz egin da sexuaz. Astean zenbat aldiz da gomendagarria? Hobeto bakarrik? Norbaitekin? Pertsona askorekin? Ez dago erantzun unibertsalik galdera hauentzat, bakoitzaren araberakoa da, bikote harremanaren araberakoa eta testuinguruak ere zeresan handia du. Egia bakarra da alde guztien adostasuna beharrezkoa dela une oro.

Sexua oso ikertua ere izan da eta praktika honek dituen onura fisiko eta psikologikoak ugariak dira. Kontuan hartuta pertsona bakoitzak bere beharrak dituela, hona hemen maiztasunez sexua edukitzeak dituen onurak:

Gogo-aldartea hobetzen du
Sexua praktikatzeak endorfinak ekoizten ditu, kitzikapena, gogobetetzea eta ongizatea sortuz. Substantzia hauek euforiaren sorreran eta ondorengo lasaitasunean ere parte hartzen dute.

Nahiz eta sexuak ondo sentiarazten gaituen, ezin da depresioaren aurkako tratamendu moduan erabili. Horretarako, sexuarekin batera bestelako momentu positiboak gehitu behar dira gogo-aldarteko nahasteei aurre egiteko. Onena terapeuta batekin harremanetan jartzea da. Azkenik, aipatu sexuak azkarrago lo hartzen laguntzen duela eta beraz, insomnioarentzat ere eraginkorra dela.

Estresa arintzen du
Estres garai luzeak pairatzen baditugu sexua praktikatzeko desira murriztu egiten da. Hau kortisol mailengatik izan liteke. Zentzu honetan, sexuak lagundu gaitzake eguneroko estresari aurre egiten, nahiz eta paradoxikoki, aurre egin nahi diogun estresak desira murriztu.

Bitxikeri moduan, asebeteen sentitzen diren bikoteek estres garai baten ondoren, egun batzuetara, sexua bilatzen omen dute.

Sistema immunea indartzen du
Jarduera sexualaren ohiko praktikak birusen, bakterioen eta bestelako patogenoen aurrean, gure defentsa fisiologikoak indartzen ditu. Ikerketa batzuk diotenaren arabera, hilabetean hiru aldiz sexua edukitzeak koronabirusaren aurka babesten omen gaitu. Auskalo! Zer gerta ere hobe praktikatzea, ezta?

Arteria-presioa eta mina murrizten ditu
Jarduera sexualak bihotz osasuna bultzatzen du. Bikotean burutzen diren joko erotikoek presio sistolikoa eta diastolikoa hazten dituzte. Beste ikerketa batzuek baieztatzen dute, zahartzaroan jarduera sexuala mantentzeak bihotz arazoak pairatzeko aukerak murrizten dituela. Gainera, patologia ezberdinen mina arintzen du, batez ere emakumeengan.

Harremanak indartzen ditu
Sexua garrantzitsua da bikotearekin lotura eraiki eta mantentzeko. Oxitozinarekin lotzen da guztia. Hormona honek jokabide sozial eta emozionalak doitzen laguntzen du eta beraz, gakoa da ongizaterako. Beldurra, antsietatea eta estresa bezalako erantzunak ere modulatzen ditu, batez ere momentu intimoetan, besarkadak, laztanak edo musikak lehen lerroan jarriz.

Hau guztia kontuan hartuta, garrantzitsua da azpimarratzea sexua genitalak baino gehiago dela eta askotariko moduak daudela gozatzeko eta helburua ez dela orgasmora iristea, baizik eta bidean plazera topatzea. Norberaren momentu beharren eta testuinguruaren arabera gozatu behar da sexuaz, inongo presiorik jarri gabe eta bestearen nahiak eta mugak ezagutuz (eta beharrezko babes neurriak hartuz).